Eztandarako prest dira finalistak

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko abe. 13a, 13:46
Finalistak, Nafarroa Arenan.

Gogotsu eta ilusioz heldu dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera Jones Illarregi, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabal. Esanahi politiko handiko finala izanen dela uste dute.

Bost urte igaro dira azken finaletik. Eta gauza asko aldatu dira, plazetan eta Bertsolari Txapelketa Nagusian. “Zorionez txapelketa plazan gertatzen ari diren gauza askoren isla izaten ari da”, aitortu du Gontzal Agote elkarteko zuzendaritzako kideak. Inoiz baino emakume gehiago izanen dira kantuan finalean, bertsokeran molde eta gaiak heltzeko modu berriak agertu dira, aurrenekoz Iruñean izanen da azken saioa eta lehenengoz izanen da nafar bat horretan.

“Gazitik eta gozotik” izan du txapelketak Joanes Illarregirentzat. Hura finalean izatea “gogo kolektibo” bat izan da, eta hala bizi izan du hark ere. “Presiotik baino gehiago, animotik bizi izan dut”, azaldu du. Pozik da Iruñean jokatuko den finalean kantatzeko aukera duelako, baina gogoratu du ez dela nafar bakarra izan txapelketan: “Nafarroan gertatzen ari denaren erakusle da hori”.

Haurtzaroko Irunen abiatu zuen bidea arrotxapeartu den Sustrai Colinak. Bizi den tokian amaituko du, eta pozik da hura ere ibilbideagatik. Orain arte baino “libreago eta lasaiago” aritu nahiko luke igandean: “Eztanda emozional bat izanen da plaza hau, nire kideek eztanda artistikoa eginen dute eta nik nirea jarri nahiko nuke”.

Politikoki esanahi handiko saioa izanen dela iritzi diote denek. Oraindik kantatu ez duelako hori hartu du hizpide Maialen Lujanbio egungo txapeldunak: “Final honek baditu esangura politiko fuerteak, batetik Iruñean izanen delako eta bestetik hiru emakume izanen direlako”.

Alaia Martin iritsi da puntu gehien bilduta Nafarroa Arenara. Gozatu du orain artekoarekin, eta hala egiten jarraitu nahiko luke. Aitor Mendiluze, aldiz, ez da aritu nahiko lukeen bezain ongi finalerdikoetan, horri buelta eman nahiko lioke igandean. Zalantzekin abiatu zuen txapelketa Beñat Gaztelumendik, bost urteko etenaldiarengatik gehien bat. Gustura dago orain artekoarekin, eta ilusioz dago finalean delako.

Amets Arzallusentzat luzea izan da kantuan hasi bitarteko itxaronaldia. Finalerdiak mendikateekin alderatu ditu, eta adierazi du zorroztasunetik “gozatzen eta sufritzen” zeharkatuko duela azkena. Luzea egin zaio Nerea Ibarzabali bidea ere. Belaunaldi aldaketa baten isla ere izanen da finala. Horren ordezkari izan nahi du Nerea Ibarzabalek. Bizkaiko txapela irabaztetik dator, nekatuta, aitortu du.

Zer eskaini nahiko luketen azaltzen ahalegindu dira gaur bertsolariak, edonola argi dute gaur esan dutenak agian ez duela zer ikusirik izanen finalean oholtzaratuko dutenarekin. Finalean jakinen da haietako zeinek eta zergatik jantziko duen txapela.

13.000 lagun hartuko ditu Nafarroa Arenak

Goizeko 11:00etan hasiko da goizeko saioa; eta 9:00 zabalduko dituzte Nafarroa Arenako ateak. 13.000 pertsona hartuko ditu aretoak, eta pilaketak ekiditeko garraio publikoa erabiltzea eskatu dute Bertsozale Elkartetik. 14:30ak arte iraungo du goizekoak; eta ondoren bazkaltzeko aukera izanen da NUPen (herri bazkarian) eta Sadar estadioan (norberak eramandakoarekin). 350 lagun ariko dira igandean lanean dena ongi atera dadin.

17:00etan hasiko da arratsaldekoa. Zortzi bertsolariekin abiatuko da, baina puntu gehien eskuratzen duten bi bertsolariak igaroko dira soilik buruz burukora. Txapeldunaren izena 20:30ean ezagutuko dela aurreikusten du elkarteak. Iñaki Muruak jantziko dio txapela irabazleari; hirugarren eta seigarren sariak, berriz, Sagrario Aleman euskaltzainak emango ditu.

Kontuan hartzeko xehetasunak bertsozale.eus atarian bildu dituzte.

Zuzenean eskainiko du finala Euskalerria Irratiak

Aspaldi agortu ziren Bertsolari Txapelketa Naugusiko sarrerak. Baina izanen da finalaz bestela gozatzerik. Euskalerria Irratiak arratsaldeko bertsoaldiak eskainiko ditu zuzenean, 16:45etatik aurrera. Xorroxin irratiarekin elkarlanean, Julen Zelaieta, Ekintza Landa eta Lohizune Amatria ariko dira Nafarroa Arenatik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!