Club Natacion kirol elkartearen sortzaile errepresaliatuen historia argitara ekarri dute

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 7a, 12:13

  • Mikel Huarte ikerlariak frankismoak klubeko hainbat aitzindari jazarri zituela salatu du Metropoli Forala saioan.
  • Ostiralean, abenduak 9, 19:00etan, hitzaldia eginen dute Club Natacion elkartean bertan.

Mikel Huarte Alzueta suhiltzailea da ofizioz, soziologoa ikasketaz eta historialaria afizioz. Memoria historikoaren inguruan sekulako lana egiten ari da azken urteotan. Osasunaren Memoria elkartea sortu du eta, Josu Chueca, Esther Aldabe, Patxi Ozkoidi, Mikel Lakasta eta beste zenbait historialarirekin batera, frankismoak errepresaliaturiko Osasuna futbol taldeko sortzaile ezkertiar zein abertzaleen historia berreskuratu du,. Hiru liburu plazaratu dituzte: Rojos, Ramon Bengaray eta Y el tiempo se detuvo.

Besteak beste, itxura guztien arabera Osasunari izena jarri zion Eladio Zilbeti EAE-ANVko militantearen eta bederatzi urtez Osasunako presidente izandako eta Nafarroako Accion Republicana alderdiko presidente ere izan zen Natalio Cayuelaren historia berreskuratu dute. Biok ala biok fusilatu egin zituzten 1936an. Horien eta beste hainbat errepresaliaturen biografiak berreskuratuz, Osasunaren historia berrdatzi dute, noiz eta taldearen mendeurrenaren ingurumarian.

Huartek Metropoli Forala saioan kontatu duenez, orain Club Natacion kirol elkartearen sortzaile errepresaliatuen historia argitara ekartzeari ekin dio. Artxibo zein argazki zaharretan arakatuz, deskubritu du, besteak beste, Club Natacion elkarteko lehen presidentea, Xabier de Frutos, Madril faxisten aurka defendatzen zendu zela, hil zutela, Euskal Milizia Antifaxistetako gudaria izaki. Jakin du, halaber, Enrique Astiz klubeko lehen idazkaria izan zena, Osasuna futbol taldeko zuzendaritzako kide ere bazena, frankistek Erreniegan fusilatu zutela.

Klubeko kide emakuimezkoek ere pairatu zuten errepresioa. Pepita Ugarte, Eloya Dorronsoro eta Josefina Gerendiain Club Natacioneko kideak ziren. Beste zenbait lagunekin batera Las Peponas izeneko igerilari koadrila osatzen zuten eta sozialistak ziren. 1936ko uztailaren 19tik aurrera igeri egitea debekatu zieten eta klubetik bota zituzten. Josefina, gainera, espetxeratu egin zuten.

Huartek molde honetako hainbat eta hainbat historio bildu ditu eta horiek guztiak etzi, abenduaren bederatzian, 19:00etan, Club Natacioneko Runa aretoan kontatuko ditu, gaztelaniaz. Ondoan izanen ditu Jon de la Riba, Xabier de Frutosen senidea eta Espainiaren Irlandarako enbaxadorea, eta Elur Baron, Baldomero Baron errepresaliaturiko klubeko kidearen senidea. Clubeko bazkide ez direnak ere sartu ahal izanen dira hitzaldian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!