Miguel Angel Llamas 'Pitu' (Ahotsa.info): "Salaketa bat faltsutu du Iruñeko udaltzain batek kazetari baten kontra egiteko”

Haritz Pascual Garjon 2022ko aza. 25a, 12:15

2021ean protesta bat grabatzen ari zela salaketa jaso zuen Iñigo Orduña Ahotsa.infoko erreportariak. Polizia txostenean akusazio faltsuak antzeman zituzten. Gertaera grabatuta dagoenez, orain, udaltzainaren kontrako salaketa jarri du Ahotsa.info hedabideak. "Poliziaren akusazioen inpunitatea argi geratu da kasu honetan" azaldu du Euskalerria Irratian Ahotsa.infoko Miguel Angel Llamasek.

Ez da lehendabiziko salaketa izan Ahotsa.infon, "Jazarpen nahiko estua izan dugu urte hautean" azaldu du Pituk, "Mozal Legea dago honen atzean, poliziaren inpunitatea areagotzeko". Baina oraingo honetan kontrako norabidean itzul daiteke auzia. 2021eako protesta bat grabatzeagatik salatu dute Iñigo Orduña erreportaria. Leporatzen zaizkienen artean, "Zuen espainiar salaketekin ipurdia garbituko dut" esaldia esan zuela jasotzen du Iruñeko udaltzain batek egindako txostena. Epaitegian, txosten horretan azaltzen zena berretsi zuen poliziak gainera. Baina Iñigo Orduñak kamera piztuta zuen udaltzainekin eztabaidan izan zen unean eta ez da horrelakorik entzuten. "Txosten polizial bat faltsutu du udaltzainak, kazetari bati ahalik eta zigorrik handiena ezartzeko helburuarekin" salatu du Euskalerria Irratian Ahotsa.infoko Miguel Angel Llamas Pituk, "Iruñeko Udalean gertatutakoaz eta ebidentziaz ohartu zirenean kazetariaren kontrako salaketa artxibatu zuten, baina ezin dugu onartu kasua horrela amaitzea" gaineratu du.

Salaketa jarritu dute epaitegi aurrean Mozal Legeak suposatzen duena ere agerian uzteko probestuz. "Legearen arabera, poliziak esaten duena herritarrok dioguna baino gehiago balio du" azaldu du Pituk, "Horrek behartzen gaitu beti frogak aurkeztera, polizien bertsioak ezeztatzeko. Kasu honetan bagenuen".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!