Peñek ez dute Sanferminetako Mahaian parte hartuko, Maiak kontuan hartzen ez baditu

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 22a, 07:21
Sanferminetako Mahaiko atzoko bilkurako une bat (Argazkia: Iruñeko Udala).

Udalak Mahai Orokorra bildu du, 2022ko festak baloratu eta 2023koetara begira lanean hasteko.

Enrique Maia alkatea buru izan zen atzo arratsaldean Ziudadelako Armen Aretoan egin zuten bileran. Bertan izan ziren jaiekin zuzenean edo zeharka lotutako arloetako zinegotzi delegatuak eta bereziak, udal-talde bakoitzeko kide bat eta mahaia osatzen duten berrogeita hamar elkarte, kolektibo edo erakundetik gora.
Alkatea izan zen parte hartzen lehena. Festen garapena azpimarratu zuen, eta pozik agertu zen Gazteluko plazan antolatutako egitarauagatik, nahiz eta herritarrek, batez ere Alde Zaharreko bizilagun ugarik, kritika egin gune horretan sortutako zikinkeria eta zaratagatik.
Parte hartze zinegotzi delegatu Fernando Sesmak ere hartu zuen hitza, eta udalak aurreko Sanferminen aurretik abian jarri zuen ekarpen prozesua nabarmendu zuen.
Ildo beretik, María García-Barberena Kulturako zinegotzi delegatua pozik agertu zen udalak antolatutako ekitaldien jarraipenagatik eta jaietako giro onagatik.
2023ko jaiei dagokienez, esan zen gauza zehatz bakarra da mahai sektorialak martxan jarriko dituztela.

Peñen ohartarazpena

Iosu Santxez Peñen Federazioko presidenteak iragarri du ez dutela gehiago parte hartuko Sanferminetako Mahaian, baldin eta informazio hutsezko izaera mantentzen badu, eta kolektiboen iritzia ez bada aintzat hartzen, kolektibook ez badute proposamenak aurkezterik eta eztabaidatzerik.
Federazioko bozeramaileak Maia alkatea kritikatu zuen peñen ekitaldietarako baimenak ukatzeagatik eta Gazteluko Plaza okupatzeagatik. Santxezek kaleko giro ona eta hamasei peñek jai giro ona lortzeko egiten duten lana azpimarratu zituen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!