Indarkeria matxistaren biktimengan oinarritutako justizia feminista aldarrikatuko dute azaroaren 25ean

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 17a, 12:45

‘Indarkeria matxistaren aurka, justizia feminista’ aldarrikatuko dute feministek azaroaren 25ean. Manifestazioa eginen dute horretarako, 20:00etan, Gazteluko plazatik.

Nazkatuta azaldu dira Euskal Herriko mugimendu Feministako kideak. Nazkatuta, haserre, nekatuta eta gogaituta. “Urtero aldarrikapen, eskaera, kexa eta erreklamazio berdinak egin behar izateaz aspertuta", adierazi du Edurne Errea kideak.. Aurten, ofizialki, Euskal Herrian 3 emakume erail dituzte, baina indarkeria hortik harago doala adierazi dute. "Indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, instituzionala....denak dira indarkeria matxistaren aurpegiak eta korapilatu egiten dira".

Horren aurrean, ordea, mezu feministak zokoratzen direla salatu dute, indarkeria ezezagunen menpe jarriz. Errealitatea oso ezberdina dela diote: “Emakume gehienok pairatzen dugun indarkeria ezagutzen ditugun gizonen eskuetatik dator. Gure lagunak, bikotekide, familia, lankide edo militantzia kide diren gizonengandik dator. Ez dira talde handi bat, ez dira monstruoak, ez dira izenik gabeko pertsonak, ez dira beste pertsona batzuk. Jotzen, umilatzen, bortxatzen.... gaituztenak, gutarrak dira. Patriarkatuaren seme osasuntsuak”.

Hori dela eta, azaroaren 25an gizonek erasotzeari, edo eraso horien konplize izateari utz diezaiotela exijituko dute, eta instituzioei beren lana egitea. “Klase politikoak ezin du lazo morea soinean jarri eta elkarretaratzetan parte hartu, arreta integralean, abegi-etxe eta pisuetan sei hilabeteko itxarote zerrendak dituen bitartean”.

Justizia feministaren beharrezkotasunean jarriko dute fokoa aurten, “emakume guztiok justizia eta erreparazioarako eskubidea izan dezaten”. Justizia patriarkalaren azken xedea zigorra dela iritzi diote, ez erreparazioa, eta horren adibide dela Bai bakarrik da bai legearen inguruan piztutako eztabaida. Sanferminetako talde bortxaketako auziko abokatua helegitea prestatzen ari da bost zigortuetako bati zigorra jaistea eskatzeko, Espainiako lege berrian oinarrituta.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!