Aranzadi Zientzia Elkarteak Aranguren ibarreko Irulegiko aztarnategian berreskuratutako "aurkikuntza garrantzitsua" aurkeztuko: Irulegiko eskua. Brontzezko pieza txiki bat da, zeinetan euskarazko hitzak ageri diren. "Zalantzarik gabe" baskoien hizkuntza Iruñerrian kokatzen du aurkikuntzak, Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendariaren iritziz. "Zoriona erakartzeko eta gaizkia uxatzeko pieza bat da, egungo eguzkilorearen atzekoa".
Inskripzioa, brontzezko eskuin esku da, kristo aurreko lehenengo mendekoa, eta antzinako baskoien alfabetatzea berresten du, signario paleohispanikoaren aldaera batetik eratorritako sistema grafiko propio bat jasotzen baitu. Sorioneku hitzarekin abiatzen da eskuan ageri den testua. Lau lerro ditu denera, baina gainerakoek ez dute antzik egungo euskararekin. "Baskoien hizkuntza da, ez gaur egungo euskara", zehaztu du Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariak. Argitu duenez, egungo euskararekin orduko baskoien hizkuntzako %20 ulertu daiteke. Pieza txikia eta eramangarria den arren, bertan inzklibatutakoa dela uste dute ikerlariek. Irulegiko herrixkako etxeren batean zintzilik edukiko zutela uste dute.
Gongorako Zarra jauregian egin dute goizean aurkezpena. Maria Txibite Nafarroako presidentea, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria eta Manolo Romero Arangurengo alkatea izan dira beran. Baskoien lehenengo testigantza dela adierazi du presidenteak, eta mugarritzat jo du.
Nafarroako presidentearekin bat egin dute Nafarroako Parlamentuan, Geroa Baik eta EH Bilduk. Nafarroako nortasun historikoari lotutako aurkikuntza garrantzitsua dela adierazi du Geroa Baiko Uxue Barkosek. EH Bilduko Adolfo Araizek, ordea, eskuak datozen egun, hilabete eta urteetan eragingo dituen ikerketa lerroak azpimarratu ditu. Euskaltzaindiako burua ere parlamentuan izan da gaur, eta Andres Urrutiak ere pozik hartu du albistea, "euskara gure lurraldean aspaldi dagoen hizkuntza dela berresten baitu". Sozialki zabaltzeko beharra azpimarratu du, duen balioa ezagutu dadin.
2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten Irulegiko eskua, aztarnategian. Hala ere, 2022ko urtarrilaren 18ra arte ez zuten jakin piezak idazkunik zuenik.