Memoria leku izendatu dituzte Iruñeko atxilotze zentroen memoriala eta fusilatuen plaka

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 19a, 12:07

Gobernuak Nafarroako Memoria Historikoaren hiru gune berri izendatu ditu: Iruñeko atxilotze-zentroetako memoria-gunea, Iruñean eraildako bizilagunak omentzeko plaka eta Larragako "Memoriaren alde" eskultura.

1936ko uztailaren 19an Iruñean kolpe militarra irabazi ondoren, sekulako indarkeria piztu zen sektore disidente guztien aurka, eta horren adierazpen nagusietako bat oposizioko milaka pertsona atxilotu eta espetxeratzea izan zen. Nafarroako Memoriaren Institutuak Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsari eskatutako txostenak ez du zalantzarik uzten errepresioaren dimentsioari buruz. 

Zezen plazaren aurrean hiriko bost gatibu etxeak gogoratzen ditu monolitoak. Gaztelugibelean dago, berriz, fusilatutako bizilagunak omentzeko plaka. Iruñeko Udalak jarri zituen 2012ko martxoan, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak sustatuta. Larragako Memoriaren alde eskulturarekin batera memoria leku dira orain. 

Ana Ollo herritarrekiko harremanetarako kontseilariak eman du gaur erabakiaren berri. Gehiago izanen diren galdetu diote kazetariek, agerraldian, Espainiako Poliziaren komisaldegi zaharra eta Guardia Zibilaren kuartela memoria gune izatea eskatu du-eta Egia Osoa ekimenak. "Komunikabideen bitartez ezagutu dugu eskaera, ez dugu halakorik jaso gobernuan", azaldu du. Jasotzen dutenean, prozedura martxan jarriko dutela azaldu du, "memoria leku izan daitezkeen edo ez erabakitzeko".

Izendatu berri dituzten hiru horiekin, guztira 20 memoria leku daude Nafarroan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!