“Iruinkokoan euskaldun guztiak dira ongi etorriak”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko urr. 18a, 11:14

  • 2023ko Iruñeko Inauteri Euskaldunean izena emateko epea zabaldu dute.
  • Azaroaren 12an, Koko Gaua ospatuko dute Zaldiko Maldiko elkartean.

Iruinkokoan izena emateko epea zabaldu dute, eta iruinkokoa@gmail.com helbidean gauza daiteke, baita ekimenaren sare sozialen bitartez ere. Iruñeko Inauteri Euskaldunaren antolakuntzan parte hartu nahi dutenek bi aukera dauzkate. Sareratu duten kartelaren arabera, “gaztea bazara, plazan aritu zaitezke, dantzan, musikan edo antzerkian”. Adinaren araberako rol banaketa hori zertara datorren azaldu du Metropoli Forala saioan Iruinkokoko Ihitz Iriartek: "Plazako lana, antzerkia, dantza, musika eta abar, nahiko fisikoa da, eta izan behar da prest hor aritzeko. Gaztetasuna norberak ikusten duen zerbait da, baina ezin da frenatu bizkarreko min batengatik".

Afixara itzulirik, “bestelako lanak egiteko edo laguntza ekonomikoa emateko adin guztietako euskaldunak dira egokiak”. Iriarteren arabera, "inauteri egunaren ondoko astera arte talde logistiko deitzen duguna lanean aritzen da, eguna antolatzen eta hainbat lan egiten. Hor euskaldun guztiak ongi etorriak dira. Hastapenetan hiru astean behin elkartzen gara, eta azken hilabete edo hilabete eta erdian astero, kasik".

Azaroaren 12an, Koko Gaua

Izena emateko epea azaroaren 12ra arte izanen da zabalik. “Momentu baten buruan, lanean hasi behar dugu eta jakin behar dugu norekin konta dezakegun”, azaldu du Iriartek. Azaroaren 12an, Koko Gaua ospatuko dute. “Kokoak elkartzeko, aitzineko urteetakoak eta ondokoak. Eta norbaitek etorri nahi badu giroa ikustera, etor dadila. Festa bat antolatuko dugu. Ez da gutxi”, iragarri.  Zaldiko Maldiko elkartean egitekoa da, eta oraingoz ez dute xehetasun gehiagorik: “Datorren astean eginen dugu bilera, eta horren ondotik berri gehiago emanen ditugu”. Koko Gauan izena emateko epea ere iruinkokoa@gmail.com helbide elektronikoan egin daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!