Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Labriteko pasabideari eragiten dioten kalte guztiak erreklamatzeko prozedura berri bat hastea onartu du. Azken udal-txostenen arabera, Udalak 1.158.139,30 euro ordaindu ditu pasabidea gaitzeko. Zenbateko horretatik 914 mila euro ordaindu dira, %78,9.
2010ean eraiki zuen UPNren udal gobernuak zaldaina, eta 2016 itxi behar izan zuten, metalezko xafla batzuk erori ondoren. Geroztik, azpiegituraren egoera aztertzera eta hura konpontzeko lanetara, pasabidea ordaintzera baino diru gehiago bideratu dute. 2010ean 669.842 euro ordaindu zituen Iruñeko Udalak pasabidearen truke.
Uztailaren 5ean onartu zuen inbertsioaren azken handitzea Navarra Sumak, udal gehiengoaren iritziari aurka eginez: 122.116 euro gehiago. Txupinazorako ordu batzuk baino ez ziren falta, eta sanferminen zurrunbilo mediatikoan ia oharkabean pasa da erabakia. Iruñeko Udaleko oposizioa zaldain berri bat eraikitzearen aldekoa da, eta obraren arduradunei inbertitu den diru publikoa eskatzea galdegin dute.
Udalaren arabera, pasabidearen egitura sendotzeko eta egokitzeko lanak amaitzear daude, eta laster karga-proba bat egitea aurreikusten dute, azpiegitura testatzeko. Azken obrek 750.226,98 euroko aurrekontua dute.
Udal txostena
Astelehen honetan hartutako erabakiak iraungitzat jotzen du Labriteko pasabidearen proiektuaren idazketan, 2017ko obran parte hartu zuten pertsonen erantzukizunak eskatzeko aurreko prozedura. Erantzukizuna eskatzen zaien interesdunei hamar eguneko epea ematen zaie alegazioak aurkezteko.
Hiri Kontserbazioko Arloaren azken txostenak, 2021eko maiatzetik egindako urratsak eguneratzen ditu, data horretan gauzatu baitzen pasabidearen kalteen erantzukizunari buruzko Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat betetzeko egindako aurreko txostena.
Txostenean honako hauek jasotzen dira: errefortzu-obra horiek idazteko eta gauzatzeko gastuak, onartutako gastu-baimenen zerrenda eta dagoeneko ordaindutako fakturen zerrenda, edo obra-zuzendaritzarekin eta lanak gauzatzearekin lotutako enpresei eta pertsonei eska dakizkiekeen zenbatekoen zehaztapena.