Labriteko aldapak Villavesentzako errei bat eta autoentzako beste bat izango ditu astelehenetik aurrera

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 6a, 13:11

Argazkia: Iruñeko Udala

Zirkulazio antolaketa berria ezarriko du Iruñeko Udalak Labriten, goranzko noranzkoan. Egokitzapen lanak egiteko aldapa itxiko dute asteburuan.

Labriteko aldapa itxiko dute larunbatean eta igandean, 07:30etik 19:00etara bitartean, ibilgailuentzako. Bidea zirkulazio antolaketa berrira egokitzeko lanak eginen dituzte. Izan ere, hiriko erdigunera igotzeko ibilgailuentzako errei bat baino ez da izango astelehenetik aitzinera. Bigarren erreia autobusek erabili ahalko dute soilik.

Aldapako beheko zatiari eraginen dio aldaketak. Udalak jakinarazi duenez, Labriteko pilotalekutik aurrera autoentzako bi errei eta Villavesentzako errei bat egongo dira, egun bezala. Beheranzko noranzkoan trafikoa ez da aldatuko, eta errei bakarra egongo da.

Asteburuan, hiriko autobus publikoak eta larrialdi-zerbitzuek izanen dute soilik sarbidea Labriteko aldapara. Halaber, San Agustinen aparkalekutik ateratzen diren bizilagunen ibilgailuei eta salgaiak banatzeko ibilgailuei irteteko baimena emango zaie. Ez, ordea, sartzekoa.

Sarbide berria, Alde Zaharrera

Astelehenetik autoak ezinen dira Alde Zaharrera frontoiaren ondotik sartu. Sarbide hori itxi, eta herritarrek San Agustinetik sartu eta atera beharko dira autoz. Halaber, oinezkoentzako pasabide berri bat jarriko da frontoiaren parean, Caparroso hondartzatik hiriguneraino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!