Dolua, kezkak edota genero indarkeria oholtzaratuko ditu Antzerki Aroak

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 5a, 13:00

Oier Zuñiga, Adriana Salvo eta Lucia Ezker antzerkilariak, eta Iruñeko Udaleko Jorge Urdanoz eta Nafarroako Gobernuko Eneritz Gonzalez.

Nafarroako Antzerki Eskolak hiru obra hartuko ditu urriaren 19an, azaroaren 2an eta 23an. D ereduko 530 ikaslek gaiak landuko dituzte lehenik, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza bati esker.

Sentimenduetan, beldurretan eta intimitatean murgiltzea proposatuko du Antzerki Aroa euskarazko antzerki gazte eta helduaren udazkeneko zikloak. Bi aste barru hasiko da, eta nafar artisten lanak bilduko ditu Antzerki Eskolak.

Oier Zuñigak irekiko du zikloa, Eresia lanarekin, urriaren 19an. Haren amaren heriotzari tiraka doluaz mintzo den obra ondu du iruindarrak. Azaroaren 2an Lore More Konpainiaren txanda izango da eta Trapu zikinak eskainiko dute eszenatokian. Zikloa Boga Boga Konapiniak itxiko du, azaroaren 23an Behi Jasa antzezlana taularatuz. Tratu txarren gaia poesiatik jorratuko dute.

Antzokitik, ikasgelara

Aurrenekoz Hezkuntza departamentuko euskarazko sailak parte hartuko du Iruñeko Udalarekin batera zikloan. Euskarazko hezkuntzako D ereduko ikasleekin landuko dituzte obrak. Mendillorri, Zizur, Lekarotz, Alaitz, Leitza, Iturrama, Eunate eta Sarrigurengo batxilergoko lehen mailako 530 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!