Autogobernua eta euskara, eztabaida politikora

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ira. 13a, 08:17

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea.

Akordio programatikoan jasotako trafiko eskuduntzaren transferentziaz eta geldirik dagoen Euskararen II Plan estrategikoaz galdetuko dio Geroa Baik Nafarroako Gobernuari.

Urte politikoko bigarren parlamentuko eztabaidak nolakoa izanen den argitu zuten atzo Nafarroako Parlamentuan. Gobernuak erantzun beharreko zenbait galdera erregistratu zituzten eta, Mahai eta eledunen batzordean. Autogobernua, eskuduntzak eta euskara izanen dira gai nasietako batzuk.

Eskuduntzen transferentzien egungo egoera ezagutu nahi du EH Bilduk, esaterako, eta Maria Txibite presidenteari galdetuko dio gaiaz. Foru hobekuntzaren balizko erreforman jarriko du ikusmira alderdi soberanistak, exekutiboa hausnarketari heltzeko prest ote dagoen ezagutzeko.

Geroa Baik eskuduntza zehatz bati buruz galdetuko dio, ordea, Javier Remirez presidentetza kontseilariari. Joan den urteko konpromisoa da trafiko eskuduntzaren aldaketa, baina legegintzaldia amaitzear da, eta ez da gauzatzen ari. Zergatik ote galdetuko du Uxue Barkosek.

Geroa Bairen lehentasunetako bat ere baden euskara ere eramanen du eztabaidara koalizioak. Iazko abenduan onetsi zuen Euskararen Nafar Kontseiluak Geroa Baik kudeatzen duen Euskarabideak prestatutako Euskararen II Plan Estrategikoa. Koalizio gobernuaren akordio programatikoan jasotako konpromisoetako bat da, baina legegintzaldia amaitzeko zortzi hilabete gertatzen direla, gobernuak ez du datarik ezarri araua onartzeko. “Gobernu barruan” negoziatzen ari dira plangintza, eta negoziazio horien nondik norakoak publiko egin nahi dituzte. Geroa Baiko kontseilari den Ana Ollok erantzungo du haren koalizioak egindako galdera.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!