Borja Izagirre (EH Bildu): “Eskuinaren aldebakartasunak Iruñeko oposizioak gehiagotan bat egitea eragingo du”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ira. 9a, 10:33

Enrique Maia Iruñeko alkatea gaitzetsi du laugarrenez Iruñeko udal gehiengoak. Labriteko zaldainaren konponketek eragindako gainkostua arbuiatu dute.

Konponketa laneko tapakiek estaltzen dute egun Labriteko zaldaina, baina egitura arazo larriak dituela begien bistakoa da. 2010ean eraiki zuen UPNren udal gobernuak zubia, eta 2016 itxi behar izan zuten, metalezko xafla batzuk erori ondoren. Geroztik, Iruñeko Udalak milioi bat euro baino gehiago gastatu ditu, azpiegitura konpontzeko. Uztailaren 5ean onartu zuen inbertsioaren azken handitzea Navarra Sumak, udal gehiengoaren iritziari aurka eginez: 122.116 euro gehiago. Txupinazorako ordu batzuk baino ez ziren falta, eta sanferminen zurrunbilo mediatikoan ia oharkabean pasa zen erabakia. Aste honetan laugarren gaitzespena jaso du auziaren kontura Enrique Maia Alkateak.

2010ean 669.842 euro ordaindu zituen Iruñeko Udalak pasabidearen truke. Dagoeneko 1,04 milioi inbertitu dituzte. Azpiegituraren egoera aztertzera eta hura konpontzeko lanetara, pasabidea ordaintzera baino diru gehiago bideratu dute, beraz. Egoeraren aurrean, Iruñeko Udaleko oposizioa zaldain berri bat eraikitzearen aldekoa da, eta obraren arduradunei inbertitu den diru publikoa eskatzea galdegin dute.

Hiria atsegin egiteko planak

Bigarren Zabalguneko hirigintza planak ere sortu du polemikarik aste honetan. Nafarroa Beherea kalean errail bat kendu, eta oinezkoei eremu gehiago emateko aukera aipatu du Navarra Sumako alkateak. Joan den legegintzaldian Joseba Asironek Pio XII.a etorbiderako prestatutako planaren antzekoa da proposamena, eta harritu egin ditu alderdi soberanistakoak, orduan egin zuten oposizio bortitzarengatik.

Edonola ez dira alkateaz fio. EH Bilduk adierazpen bat eramanen du datorren asteko hirigintza batzordera, jasangarritasunaren aldeko proiektua babesteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!