Harrotu udal-zerbitzuaren eskutik iritsiko da Meri, Mari eta Lari antzezlana Iruñera. Txantrea auzoko Salestarrak zentro komunitarioan taularatuko dute gaur, abuztuaren 19arekin, 12:00etan. Sarrera doan izanen da, leku guztiak bete arte.
Harrotu LGTBI kolektiboaren inguruan informatzeko eta haien parte hartzea nahiz eskubideak sustatzeko Iruñeko Udalak duen zerbitzua da.
Meri, Mari eta Lari antzezlanak ipuinak eta abestiak uztartzen ditu. Ipuinek sexu eta genero ugariz hitz egiten dute, familia-eredu ezberdinez, beldurrak saihesteaz, eta, azken batean, askatasunaz. Ikuskizunean interpretatuko abestiak Yogurinha Borovak sortu zituen bere Sentipenak askatu diskorako, eta ikusle gazteagoengana heltzeko asmoz argitaratu zituen. Galder Perezek idatzi du gidoia, eta Borovak María Urzelai aktorearekin batera antzezten du. Antzezlana haurrei zuzenduta dago, baina egokia da adin guztietako ikusleendako.
Meri, Mari eta Lari antzezlanak Meriren istorioa kontatzen du: haurdun dago, eta duela nahikotxo ikusten ez duen Mari lagunarekin topo eginen du, zeinak ez baitu haurtxoaren berririk. Hasierako sorpresaren eta zorionen ondoren, Marik berehala galdetuko du haurra zer izanen den. Eta hala honako gogoeta hauek sortuko dira: zergatik galdetu behar dugu neska ala mutila izanen den? Hori ez ote luke haurrak etorkizunean hautatu beharko? Zergatik mugatu behar dugu bi aukera horietara? Haurtxoak izan nahi duen guztia aukeratzen ahalko du: ameslaria, dantzaria, pilotaria, borrokalaria, jostalaria... Arrazoi horiengatik guztiengatik, Lari deituko dela erabakitzen dute.
HAURRENDAKO ANTZERKIA EUSKARAZ
• Eguna: Abuztuak 19, ostirala
• Ordutegia: 12:00
• Tokia: Salestarrak Zentro Komunitarioa (Txantrea)