Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko batzordea irailean eratuko dute

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 27a, 12:29

Argazkia: Ekinklik

Motibazio politikoko biktima izateko eskaerak aztertuko ditu taldeak. Aditu taldeak erabakiko du biktimen artean zeinek duen eskubidea kalte-ordain ekonomikoak jasotzeko eta arreta sanitario eta psikologikoa jasotzeko.

Datorren irailean eratuko du Nafarroako Gobernuak eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimak aitortzeko eta erreparatzeko batzordea. Hala jakinarazi du gaur Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak. 2019ko martxoan onartutako foru legeak jasotzen du batzordearen eratzea, biktima izateko eskaerak aztertu eta horiek izendatzeko. Aditu talde batek erabakiko du biktimen artean zeinek duen eskubidea kalte-ordain ekonomikoak jasotzeko eta arreta sanitario eta psikologikoa jasotzeko.

Atzerapena pilatu du parte hartzaileen aukeraketak. Bederatzi adituk osatuko dute batzordea: Martin Zabalza Bakegintza eta Bizikidetzarako zuzendari nagusiak, Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak, hiru teknikarik (Nafarroako Auzitegiko bi peritu eta Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutuak izendatuko duen psikologo bat) eta Nafarroako Parlamentuak aukeratutako lau pertsonek. 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak maiatzean lortu zuten ados jartzea, eta izendapenei argi berdea eman zieten. Marta Rodríguez NUPeko Soziologiako irakaslea, Mikel Berraondo Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko aholkularia eta Roldan Jimeno eta Soledad Barber NUPeko Zuzenbideko irakasleak izan dira foru ganberak hautatutakoak.

Legearen garapen mantsoa

Gorabeheratsua izan da hasieratik poliziaren indarkeriaren biktimen legea. PPk eta Voxek helegitea jarri zioten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, 2019an. Iazko maiatzean helegitea ezetsi eta legearen alde egin zuen auzitegiak. Tartean, baina, legeak aurre ikusten dituen mekanismoak martxan ezin jartzea eragin du egoerak. Hainbat moldaketa ere egin dizkiote parlamentariek; besteak beste, kalte-ordainak "terrorismoaren biktimek" jasotzen dituztenekin parekatzeko.

Aldaketaren gobernuak 2015an onartutako legea ordezkatzen du egun indarrean denak. Konstituzionalak legearen zati handi bat deuseztatu zuen 2018an, gobernua “jurisdikzio penalari dagozkion eginkizunetan esku hartzen” ari zela iritzita. Ezkerrak sustatu zuen, eta PSN, EH Bildu eta Aralar-Nabai taldeen babesa ere jaso zuen. UPN eta PPN aurka jarri ziren.

Aitortzarako eskubidea

Ana Ollo kontseilariak positibotzat jo du lege berria, zenbait alderdi argitzeko eta kolektibo bereizien arteko babes-parekatzea bermatzeko aukera ematen duelako, nazioarteko erakundeek emandako oinarrizko printzipio eta jarraibideekin bat etorriz. Ollok 2019-2023 Legegintzaldirako Programaren Akordioaren barruan kokatu ditu esparru horretako jarduerak, baita Europako Erkidegoko bizikidetza-giroa hobetzeko ahaleginaren barruan ere. Izan ere, Agenda 2030en barruan dauden Garapen Iraunkorraren Helburuak bere gain hartu ditu gobernuak, eta puntu horietako bat, Bakea, justizia eta erakunde sendoak izenekoa, bakearen aldeko komunitate gidatuak eratzea du helburu, giza eskubideak eta benetako gatazkak baztertzeko.

Azkenik, kontseilariak Bizikidetza Plana ere aipatu du, biktima guztiak eta haien duintasuna ekintza instituzionalaren erdigunean kokatzen dituena, eta Nafarroako Gobernuaren izenean adierazi du gizarte guztiz demokratikoa eraikitzeko bidean aurrera egiteko nahia: “Eraikuntza hori ezin izango da gauzatu biktima guztien aitortzarik eta erreparaziorik gabe”.

Aitortzaren arloan egindako aurrerapenak ere nabarmendu ditu, eta adierazi du ziurtatu egin behar direla giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!