Poliziaren biktimen kalte-ordainak parekatzeko bidea ireki du Nafarroako Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 2a, 14:12

EH Bilduk eta Izquierda Ezkerrak legearen aldeko botoa emanen dute.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak onartu egin du PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu alderdiek eginiko proposamena, poliziaren edo eskuin muturreko indarkeriaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko legea aldatzeko, eta kalte-ordainak "terrorismoaren biktimek" jasotzen dituztenekin parekatzeko.

Horrela, Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru taldeen proposamenak Parlamentuan aurrera eginen du, eta orain batzordeari ekingo diote legebiltzarrean, gero Osoko Bilkuran berretsi dezaten. Ez da arazorik egongo horretarako, EH Bilduk eta I-Ek aldeko botoa emango baitute.

Lege-proposamenak 250.000 euroko kalte-ordaina ezartzen du heriotzagatik; 500.000 euro baliaezintasun handiagatik; 180.000 euro ezintasun absolutuagatik; 100.000 euro ezintasun iraunkor osoagatik eta 75.000 euro iraunkor partzialagatik.

Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak azaldu duenez, Gobernua babesten duten taldeek aurreko legegintzaldiko legea garatu dute, nahiz eta bere alderdiak legearen aurka bozkatu zuen. Orain, aldatzeko konpromisoa hartu du.

Bestalde, Geroa Baiko Uxue Barkosek azaldu duenez, aurreko legegintzaldian onartu zuten eta aldaketak behar dituen lege bat eguneratuko dute.

Mikel Buil Podemoseko bozeramailearen ustez, lege-proposamena beharrezkoa da "arrazoi politikoengatik indarkeria jasan duten pertsonen aldeko prestazioak finkatzeko, eta kalte psikiko eta psikologikoengatik kalte-ordainak jaso ahal izango dituzten biktimen kolektiboen arteko babes-parekatzea bermatzeko". 

Alderdi morearen bozeramaileak adierazi duenez, neurri horiek behar-beharrezkoak dira "eskuin muturrak poliziaren indarkeriagatik tortura kasuak izan direla  ukatzen ari den garai honetan, Nafarroan soilik, gutxienez, mila kasuri buruz ari garenean".

EH Bilduko Bakartxo Ruizek adierazi du lege hori beharrezkoa dela, "Asko baitago egiteko torturaren biktimen aitortzan, adibidez, eta hori argi utzi dugu Bizikidetza Planean".

Navarra Sumaren aldetik, Javier Esparza bozeramaileak adierazi du: "Ez da gure legea, aurka bozkatu genuen eta ez gara lege honen parte", baina ez ditu arrazoiak argitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!