Isurtze Baxuko Eremuak diseinatuko ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 27a, 08:05

Hiria Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko lege berrira egokitzeko neurria da Isurtze Baxuko Eremuak ezartzea. 57.600 euro bideratu ditu udalak proiektuaren garapenera.

Isurtze Baxuko Eremu izendatu nahi ditu 2023tik aurrera hiriko zenbait auzo Iruñeko Udalak. Hori erdiesteko lanak abiatu ditu Proiektu tekniko eta arauemailearen diseinua esleitu du Tokiko Gobernu Batzordeak, 57.596 eurorengatik. Hiriko airearen kalitatea hobetzeko, ibilgailu kutsatzaileen zirkulazioa zenbait puntutan mugatzea eta mugikortasun jasangarria lehenestea eragingo du.

Desarrollo, Organización y Movilidad S.A. enpresaren ardura izango proiektua egitea eta hirian pixkanaka ezartzeko estrategia bat planteatzea, Iruñea Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko lege berrira egokitzeko. Lege horren arabera, 50.000 biztanletik gorako hiriek emisio txikiko eremuak eduki behar dituzte 2023a baino lehen. Neurri horren bidez, oinezkoentzako gune osasungarriagoa sortu nahi da, gutxiago kutsatuz eta bizikleta-garraioa sustatuz.

Enpresa esleipendunak, hasiera batean, egungo egoeraren diagnostikoa egin beharko du, eta, ondoren, herritarren parte-hartzearekin, ezarpen-proposamen bat egin beharko du, hiri-estrategia bat sortzeko. Estrategia hori epeka abiaraziko da hainbat auzotan.

6,33 milioi, Europatik

Europar Batasuneko Next Generation EU funtsekin finantzatutako Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren toki-erakundeentzako laguntzen deialdira aurkeztu du proiektua udalak. Udalak Europako 6,33 milioi funts lortu ditu zazpi ekimen abian jartzeko. Trinitarioetako igogailua egiteko, bizikleta-sarea hobetzeko eta handitzeko eta oinezkoentzako pasabideak eta eskola-ingurune seguruak sortzeko, besteak beste. Europako laguntza horietatik 1,8 milioi isuriak murriztera bideratuko dira, disuasio-aparkalekuak sortuz, eta, orain, isurtze baxuko eremuak ezartzeko proiekturako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!