Festak amaitu eta hamabi egunera hasi dira Gaztelugibeleko lorategietako hesiak kentzen

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 26a, 10:54
Iturria: Iruñeko Udala

Hiriko gotorleku izandakoa ere asteburuan ireki dute.

Uztaila hasieratik Iruñeko Gaztelugibela inguratzen duen hesia kentzen hasi dira. Metalezko egituraren helburua zen herritarrak Sanferminan botatako su artifizialetatik babestea, hau da, arriskuak eta kalteak murriztea.

Behin jaiak amaituta iradokizun eta kexa ugari jaso zituen Iruñeko Udalak hiriko arnasguneetako batek itxita jarraitzen zuelako, bero handien egin izan duen boladan gainera. Festak amaitu direnetik hamabi egun pasa dira eta Udalak jakinarazi du gaur hasi direla metalezko hesi hoiek kentzen. Sanferminak amaituta "Garbiketa eta Lorategi zerbitzuek hondakin pirotekniko guztiak kendu eta eremu hori berriro ibiltzeko beharrezkoak diren mantentze-lanak" egin dituzten bitartean izan dira itxiak lorategiak, baita Gotorlekua ere. 

Azken hori asteburuan, larubatean, ireki zuten. Udal gobernuak argudiatu du "Sanferminetako su artifizialen bildumak Ziudadela barrutik ateratzeak urtero hiriko gune hau ixtera" behartzen duela eta haiekin batera "lubakien inguruko guneak eta Gazteluko Itzulia".  Segurtasun kontua dela azpimarratuta, honakoa zehaztu du Iruñeak: "horri esker, ez dago inolako arriskurik pertsonentzat gaueroko ikuskizun piroteknikoan, ezta inguruan geratzen diren hondarrek inolako arazorik sor dezaketenik ere". Gaineratu dute jaiak amaitu ondoren, errepaso xehatu bat egiten da eremu kaltetuenetan.

Lan horiek amaituta beraz, dagoeneko posible da herritarrak Gotorlekua inguratzen duen eremu osora iristea. Datozen egunetan Udaleko beharginak eremua mugatu duten gainerako azpiegiturak pixkanaka kentzen joango dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!