Zabalguneko Civivoxaren lizitazio obrak onartuak izan dira eta 22 hilabeteren buruan, 2024an, Salestarren eraikina zegoen espazioan, Civivox berriak ateak irekiko ditu. Azken hamarkadan udal eraikin batean egindako inbertsio handiena izango da proiektua eta gehienezko aurrekontuari dagokionez 9.900.000 euro ingurukoa izango da.
Fermin Alonsok, Iruñeko Udaleko zinegotziak, eraikinaren diseinuak 4 oinarri izango dituela aurkeztu du: Iraunkortasuna, funtzionaltasuna, aldakortasuna eta ingurunean integratzeko gaitasuna. Era berean, eraikinaren helburua “auzoaren bilgune eta erreferente bihurtzea” dela adierazi du Alonsok.
Gainerako auzo Civivoxek eskaintzen dituzten zerbitzuez gain, Zabalguneko Civivoxak bi nafarri erakusketa finko bat eskainiko die. Lehenengoa, Pablo Sarasateri eskainiko zaio Iruñeko Udalak kudeatzen duen Sarasatearen ondarea erakusteko; eta bigarrena, Javier Ciga artista iruindarraren pintura obrari. Bi erakusketa finkoekin batera, bestelako erakusketak tartekatzeko beste espazio bat eskainiko da; artista berriak ezagutzera emateko.
4.700m² inguru eta hiru solairu izango ditu Zabalguneko Civivoxak eta berrikuntzen artean, 400 eserleku mugikor izango dituen auditorioa; performanceak egin edota publiko zabalak gerturatu ahal izateko. Jorge Urdanoz Iruñeko Udaleko Kultur saileko zuzendariaren hitzetan, “Zabalguneko Civivoxa iruindarrentzako erreferentzia sozio-kulturaleko gune berria izatea espero da”.