Berako ur iturriak eta biltegiak %40eko edukierarekin daude, "Horrek ez du askorako ematen, egun bateko autonomia ematen digu" azaldu du Euskalerria Irratian herriko alkateak, "Horregatik ari gara Lesakatik ura ekartzen eta ez dugu baztertzen datorren astean zisterna kamioiak erabili behar izatea". Gauzak horrela, Berako udalak debekatu ditu kotxea garbitzeko guneak, piszina pribatuak eta lorategiak ureztatzea. Herriko igerilekuak ere zenbait egunez itxi behar izan dituzte, hauek betetzeko nahikoa urik ez dago eta.