Atzo arratsaldean Iruñerriko Mugimendu Feministak beste gertakari lazgarri baten berri eman zuen, emakume batek uztailaren bederatziaren gauean sexu erasoa pairatu zuen Mendillorri inguruan. Egoeraren aurrean eta emakumeen aurkako eraso oro salatzeko elkarretaratzea eginen dute gaur Gazteluaren enparantzan.
Foruzaingoak ikerketa abiarazi du emakume batek larunbatetik iganderako gauean Mendillorritik gertu jasandako sexu-eraso bat dela eta. Ikerketak etenik gabe aurrera jarraitzen du Javier Remirez presidenteordeak adierazi duenez.
Iruñeko Udalak gizonezko batek eginiko bortizkeriaren aurrean gaitzespen osoa adierazi du. Udaletxeko bozeramaileek adostutako testuan, emakumeari eta haren ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazi diete eta biktimaren eskubideak eta intimitatea babesteko errespetu osoa eskatu dute.
Eraso sexisten aurkako Koordinazio- eta erantzun-protokoloari eutsita beste behin ere, «Hirian gertatzen den edozein motatako eraso, indarkeria edo jarrera sexista arbuiatzea eta gaitzetsi», eta konpromisoa hartu dute Udal bozeramaileek «eraso sexistak ezabatzeko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeen erabateko askatasuna ingurune guztietan bermatzeko ».
Gainera, herritarrei eskatu diete «jarrera aktiboa» izan dezatela eraso sexisten aurrean, eta eredu sozial eta kultural baten alde egin dezatela, «Emakumeak babestuko dituena, erasotzailea inoiz justifikatu gabe, festaren edo ohituren premisaren pean».
Iruñerriko mugimendu feministak eta herri mugimenduak elkarretaratzea deitu dute gaurko, uztailak 12, Gazteluko plazan 17: 30etan, sanferminetan gertatutako erasoen aurrean "gaitzespena" adierazteko. Elkarretaratzearen ostean, "Mobilizazio zaratatsua" egingo dute.
Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, "Gaitzespen eta arbuiorik sakonena" adierazi du salaketaren aurrean, eta, aldi berean, babesa eta elkartasuna helarazi die biktimari eta haren familiari.
Era berean, Nafarroako Gobernuak 112ra deitzeko eskatu die herritarrei, «Baldin eta ikusten badute gizon batek emakume bati eraso egiten diola”.
Bestalde, San Fermin jaietan ziztadak eta balizko mendetasun kimikoa salatu dutenen kopuruak gora egin du eta behintzat zortzi herritarrek jo dute erietxera ziztadak jaso ostean. Orain arte eginiko azterketa medikoek ez dute egiaztatu substantzia inokulatuak egon daitezkeenik, eta Foru Gobernuak jakinarazi duenez, kasu bakoitza ikerketa polizialaren pean baitago. Hori bai Gobernuak eta larrialdi zerbitzuek kezka azaldu dute sumisio kimikoaz gain, odol bideen bidez igortzen diren gaixotasunak transmititzeko arriskua baitu praktika honek.
Ziztaden egileak atzeman eta atxilotzeko lanean ari dela gobernua ohartarazi du Javier Remirez presidenteordeak.