Haurren eguna da gaur eta etxeko txikienei zuzendutako programazioa antolatu du udalak eguzki printzek hiria argitzen duten tarterako behintzat. Festen ekuatorea gainditurik nekerik oraindik ez da sumatzen iruindarren artean eta asteburuko bisitari uholdea gaindituta etxekoentzako moduko gonbiteak dira gaurkoak.
Besteak beste, ongi gosaldu ostean, 11:30ean hasiko da entzierro txikia, gurpildun zezenekin Santo Domingo aldapan.
Dantza saioa bertan behera geratu zen uztailaren 6an euriarengatik baina euskal folklore zaleek badute gaur gozatzeko aukera. Izan ere Iruñerriko eta Nafarroako dantza taldeen emanaldia izanen da 12:30ean Gazteluaren plazan. Haurrek dantzatuko dute gaurkoan eta honako talde hauek ariko dira espartin eta abarkak oinetan: Ardantzeta, Duguna, Ezpelzur, Idoskia, Ibai Ega, Muthiko Alaiak, Oberena, Tiriki-Trauki, Txibiri eta Puy Amabirgina.
Eguerdia pasata bazkarien tartea irekiko da. Hiru peñek eginen dute haien oturuntza, kalean: Donibanek (Barañain etorbidean), Jaranak (paella jatea Santa Ana plazan) eta Iruñeko Algarak (egoitzan bertan). Alde zaharreko bizilagunek herri bazkaria eginen dute Matalazen eta Santa Ana plazan bazkari feministak bat egingo du Jaranaren hitzorduarekin.
Arratsaldean irekiko da musika eskaintza zabala. Pandemiak leher egin eta aste batzuk lehenago bere bideari ekin zion Biziraun Erromeriak kontzertua eskainko du Muthiko Alaiak peñaren leihoetatik, Estafeta kalean.
Iluntzean musika estiloaren araberako hainbat hitzordu Herrikon, Oinez Txokoan eta eta Foruen plazan, gaueko 23:30etatik aurrera. Azken kokaleku horretan izanen da Ben Yart.
Beñat Abarzuza Mendillorriko gaztea, trap eta musika urbanoen ahots esanguratsuenatako bat da zalantzarik gabe. Bere egunerokotasuna, esperientziak eta kezkak kontatzen dituzte bere letrek. Drogaz, kaleko bizitzaz edo gauaz hitz egiten du. Nahiz eta 2016an hasi zen musikan 'Soy la ama' bezalako kantuekin eta bideoak YouTuben argitaratuz, azken urte hauetan hasi da nabarmentzen eta "hainbat lagunekin" oholtzaratuko dela ohartarazi du.
Oinez txokoan aldiz Irkaia eta Kaleko Urdangak taldeak izanen dira, Oi! doinuek beraz dardarka jarriko dute Takonera.
Azkenik Karmen kalean Baizera eta Burutik taldeen doinu dantzagarriak izango dira gozagai.