Irati Majuelo eta Sarai Robles gaur, Irrintzin

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 8a, 09:43

Bertso eskaintza zabala dago aurten sanferminetan. Irrintzi Peñak bertso-bermuta eginen du gaur.

Atzo izanen zen bertsolaritzari lotutako lehenengo sanferminetako ekitaldia. Jaialdia eskaini zuten, Sarasaten, Sustrai Colina, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio eta Alazne Untxalo bertsolariek. Bestelako giroan ariko dira gaur, ordea, Karmen kalean. Irrintzi Peñak bertso-bermuta prestatu du ostiral eguerdia girotzeko. Irati Majuelo eta Sarai Robles iruindarrak ariko dira bertsotan, 14:00etatik aurrera.

Denera zortzi bertso saio edo ekitaldi izanen dira aurten sanferminetan. Biharkoa ere bertso bermuta izanen da. Sarai Roblesek hartuko du mikrofonoa berriro, ondoan, Julio Soto izanen du. Askartza tabernan hasiko da Sortuk antolatu duen saioa.

La Unica peñaren Balkoitik balkoira bertso saio ezaguna igandean izanen da, Jarautan. Onintza Enbeita, Jon Maia eta Julio Soto ariko dira. Arratsaldean, berriz, "Alpistegia" haurrentzako bertso antzerkia izanen da, Sarrasaten. Eneko Arrate Sololuze eta Aissa Intxausti bertsolariek parte hartuko dute, 19:00etatik aurrera.

Oinez Txokoak astelehenean hartuko du bertso saioa. Josu Sanjurjo, Idoia Granizo, Iñigo Ibarra eta Julen Zelaieta bertsolariak izanen dira Takoneran, 18:00etan. Lehenago Kalixto tabernan izanen da bertsoak entzuterik.  Gorka Pagonabarraga eta Bittor Altube bertsolariak izanen dira, 16:00etatik aurrera

Uztailaren 12an, Josu San Jurjo eta Sustrai Colina Zaldiko Maldiko elkartean ariko dira bertsotan, 13:00etan, Arturo Campion IKA Euskaltegiak antolatutako bermutean.

Azken egunean, berriz, jaialdia izanen da. Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Julio Soto, bertsotan eta gaiak jartzen, Fernando Anbustegi. Sarasate pasealekuan izanen da saioa, 19:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!