Gaur abiatuko dira herri kirol txapelketak

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 8a, 09:10

Argazkia: Iruñeko Udala

Foruen plaza eguerditik aurrera eginen diren jaialdien erakustoki izanen da. Nafarroako hamar bat txapelketa jokatuko dira.

Eguerdian hasiko da herri-kirolarekin urtero dagoen hitzordu tradizionala, Foruen plazan. Aurten hainbat modalitatetako Nafarroako hamar bat txapelketa eginen dira, Sokatirako San Fermin Saria eta Motozerralarien XXII. San Fermin Saria, baita zenbait kategoriatako gizon eta emakumeen erakustaldiak ere.

Programa Nafarroako Trontzalarien Txapelketarekin (gizonak eta emakumeak) eta emakumeen Nafarroako Aizkolarien Txapelketarekin hasiko da. Larunbatean, hilak 9, Nafarroako Harri-jasotzaileen eta Zama-jasotzaileen Txapelketak eginen dira, baita Giza probaren erakustaldia ere.

Uztailaren 11n, igandearekin, Nafarroako beste bi txapelketa izanen dira: aizkolariena, bikoteka, eta gurdi-jasotzaileena. Bi proposamen horiez gain, harri-jasotze erakustaldia ere egonen da, Udane Ostolazaren eskutik. Uztailaren 11n (astelehena), haurren egunean, kadeteak izanen dira protagonista Nafarroako Trontzalarien Txapelketan, eta kimuek, haurrek eta kadeteek proba konbinatuen erakustaldia eginen dute.

Ohiko beste hitzorduetako bat uztailaren 12an izanen da, orduan eginen baitira Sokatirako San Fermin 4 x 4 Txapelketa mistoa, aizkolarien erakustaldia, bikoteka, eta enbor-ebaketaren erakustaldia altueran, Patxi Larretxearen eskutik.

Uztailaren 13an Nafarroako Ingude-jasotzaileen Txapelketak eginen dira (gizonak eta emakumeak), eta Motozerralarien XXII. San Fermin Saria. Uztailaren 14an, festen azken egunean, amaituko dira herri-kirolak, Nafarroako 3. mailako Aizkolarien Txapelketaren kanporaketarekin, Nafarroako Txinga-erute Txapelketarekin (gizonak eta emakumeak) eta zama-jaurtitzaileen erakustaldiarekin, Jon Lapazaranen eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!