Azkenean itzuli dira!

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 6a, 11:46

Enrique Maiaren debekuaren gainetik, oihal handiak sartu dituzte plazara: ikurrinak eta presoen eta sozialismoaren aldekoak.

Juan Carlos Unzue futbolari ohiak piztu du suziria, aukera eskertu ondoren: "Iruindarrak txupinazo hau osasun langile guztiei eskaintzen diet, baita EAE gaitza duten gaixo guztiei ere. Gora sanfermin!". Pandemian lanean izan diren langile guztiak gogoan hasi dira pandemiaren ondorengo lehenengo sanferminak. Azkenean, itzuli dira.

Mukuru bete da, sanferminik gabeko bi urteren ondotik, Iruñeko Udaletxeko plaza. Ohikoan baino polikiago, baina gutxik galdu nahi izan dute festaren lehertzea. 12.500 lagun sartzen dira plazan, eta lekurik ez da geratu ia. Eguraldia, beraz, ez da festazaleentzat oztopo izan. Goizean goizetik, ekaitzak jo du Iruñean. Euria egin du tarteka, eta txupinazoak eztanda egitearekin batera tximistak eta trumoiak ere entzun dira hirian.

Debekuen aurrean, herri gogoa

Enrique Maia alkatearen borondatearen kontra, txupinazorako hogei minutu falta zirela zabaldu dute lehenengo bandera erraldoia plazan: presoen etxeratzea eskatzen zuen oihal handi bat. Ondoren agertu dira gainerakoak: Independentzia eta Gora herria lelodun ikurrinak, Nafarroako bandera, Sozialismoa eraiki lelodun bat. Bandera handiak debekatu ditu, 2019an bezala, Enrique Maiak aurten.

Oihal txikiagoak ere atera dituzte, ikurrinak edota 0-3 zikloko langileen borrokarekin bat egitez zapiak eta banderak. Enpresa zenbaitek ere probestu dute aukera, baloiak bota dituzte plazara. Laster zulatu dituzte festazaleek. Maiz aditu dira, gainera, "UPN kanpora" edota "Maia kanpora" oihuak.

Bilibilketa, plazan

Gaizako biribilketa kalean eskaini dute La Pamplonesako musikariek eta txistulariek. Une hunkigarria izan da, negar malkoren bat ere jausi zaio bati baino gehiagori. Jende multzoa ikusita atzeratuko zela aurre ikusten zuten musikariek. Azkenean, 12:15ean lortu dute plazara ateratzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!