Peñen Federazioak eraso matxistarik gabeko sanfermin kaletarrak ospatzera deitu du

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko uzt. 1a, 08:13

  • Feminismoa, Maia, Sayas eta Adanero protagonista nagusi, peñen 16 pankartetan.
  • Jarritako trabengatik Maiaren aurkako adierazpena eramanen du Federazioak Iruñeko Udaleko gaurko osoko bilkurara.

Sanferminetarako gero eta gutxiago falta den honetan, Peñen Federazioak festei begirako bere mezua plazaratu zuen atzo, pankartak aurkeztearekin batera.

Hiru urteko parentesi pandemikoaren ondotik, Peñen Federazioko kideak kontent azaldu ziren kazetarien aurrean. “Aurten bai, aurten gure pankartak dantzan jarri ahal izanen ditugu, jendez beteriko kaleetan”, iragarri zuen Federazioko eledun Marta Apariciok.  

Pankarten berri eman aurretik, bi mezu zabaldu nahi izan zituzten. Lehena, matxismoaren aurkakoa: “Jaiaz gozatu behar dugu, baina beti errespetuz”, azpimarratu zuen. Emakumeek sanferminak erabateko askatasunez bizi ahal izateko oraindik dauzkaten trabak gaitzetsi, eta eraso oro salatzera deitu zuten, “bakar bat ere pasatzen utzi gabe”.

Bigarren mezua, festen izaeraren ingurukoa, datozen belaunaldiei transmititu nahi dietena: “Sanferminak kaletarrak dira, eta kalea gurea da”. Izan ere, peñen Federazioak espero baitu 2022ko sanferminak mugarria izatea, inflexio puntua, “sanfermin kaletarrago eta herrikoiago batzuetarako bidean”.

Pankartetan, feminismoa eta Maia nagusi

Atzoko agerraldian, Federazioko 16 peñen pankartak aurkeztu zituzten. Oihalotan agerikoa, feminismoa eta emakumezko pertsonaiak gero eta tarte handiagoa hartzen ari direla margootan. Konparaziora, Jaranak ikur feminista erraldoia marraztu du haren pankartaren erdian. Txarkok haren izeneko letretan txertatu du.

Beste zenbait ohiko aldarrikapen sozialek ere beren tartea izan dute, esaterako, presoen aldekoek edo Abiadura Handiko Trenaren aurkakoek. Pertsonaia berrien artean izar, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero, transfuga eskuindarrok Arrotxapea, Anaitasuna eta San Fermin peñen oihaletan ikus baititzakegu.

Are gehiagotan azaltzen direnak, Maia alkatearen aurkakoak. Bi adibide: Irrintzik Foruen Plazako bandera erraldoiarekin irudikatu du, 100.000 dira esanez; Txarkok, Herri Sanferminekin lotua.

Maiaren aurkaok adierazpena gaurko osoko bilkuran

Hain zuzen ere Maiaren aurkako adierazpena eramanen du Peñen Federazioak Iruñeko Udaleko gaurko Osoko Bilkurara, eta oso litekeena da aurrera ateratzea, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik sinatu egin baitute.

Adierazpenak kritikatzen du Maiak bizkarra eman diela Sanferminen Mahaiari, Herri Sanferminei, Mugimendu Feministari eta Peñei beraiei.

Peñek pairaturiko debekuak zerrendatu zituen Apariciok: “Bazkariak egin ahal izateko hainbat traba jarri dizkigu, txikien egunetarako puzgarriak lekuz aldatzera behartu gaitu, oztopoak ugariak izan dira”. Edonola ere, peñek aurrera segituko dutela gaineratu zuen. “Alkatearen trabak-traba, guk lanean segituko dugu, gure helburuak gauzatu arte”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!