Rakel Arjol (Iruñeko Peñak): "Emakumearen presentzia biderkatu behar dugu Sanferminetako Peñetan"

Haritz Pascual Garjon 2022ko eka. 30a, 10:49

Iruñeko 16 peñetako  5.173 bazkideen artean, soilik 1.061 dira emakumeak, %20a alegia. “Oraindik ere oso espazio maskulinizatuak dira Peñak eta horrek atzera botatzen ditu neska eta emakume asko” aitortu du Euskalerria Irratian Iruñeko Peñen Federazioko talde feministako Rakel Arjolek.

Elkarte, zuzendaritza, txarangetan…gizonezkoak nagusi dira Iruñeko Peñetan. Horrela baieztatu du 16 peñetan egindako barne inkestak. Galdetegiaren datuak eskutan hartuta, txostena egin du Iruñeko Peñen Federazioko talde feministak. “Egungo egoeraren analisitik, etorkizunezko peña berdinzaleetaraino joaten den dokumentua sortu dugu” azaldu du taldeko kidea den Rakel Arjolek. “Duela 30-40 urte hasi ziren emakumeak peñetan sartzen eta egun guztietako bazkide izan gaitezke” esan du Euskalerria Irratian, “Baina oraindik ere gure presentzia txikia da eta hori somatzen da. Peñak oraindik esparru maskulinizatuak dira, jarrera zenbait oso gizonezkoak dira eta horrek emakumezko bazkide berriak erakartzeko arazoa suposatzen du”.

Egoerari buelta eman nahi dio Peñen Federazioak eta horretarako hainbat neurri planteatu dituzte, neska eta emakume bazkideen kopurua biderkatzeko. “Peñetan sartzeko prozeduran emakumeoi erraztasunak eman, zuzendaritzetan emakume gehiago sartu, jardueretan genero ikuspegia kontutan hartu eta landu eta gure eguneroko hizkuntzan eta komunikazioan, genero ikuspegia ere erabili” zehaztu du irratian Arjolek.

2022ko Sanferminak

Aurtengo Sanferminetan, berdintasuna izanen da oinarri 16 peñetan. Bideoa prestatu dute, onartuko ez diren jarrera sexista, matxista eta babosoak salatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!