“Animalien aurkako tratu txarrik eta zezenketarik gabeko sanferminetarako trantsizioari eta eztabaidari ekin behar zaio”. Hala aldarrikatu dute Iruñea Antitaurinoa taldeko kideek, gaur 12:00etan, Iruñeko Zezen Plazako sarrera nagusiaren aitzinean egin duten agerraldian.
Hain justu aldarrikapen nagusi horrekin, uztailaren 7an, sanferminetako egun nagusian, zezenketen aurkako kalejira eginen dute 19:00etan Udaletxe plazatik abiaturik. Ibilbidean, 3indarrak elektro-txarangaren musika izanen dute lagun. Gaurko agerraldian, halaber, protestan eramanen duten pankarta aurkeztu dute, Javier S Nagorek egina.
Gaurko agerraldian halaber salatu dute Udalak sanferminetara begira herritarrei zabalduriko postontzira zezenketen aurka bidaliriko proposamen guztiak Entzierroaren Mahaira bideratu zituztela, “hau da, paperontzira, espazio horretan entzierroko xehetasun teknikoak soilik azter baitaitezke”.
Iruñeko Zezen Plazaren mendeurrenaren karietara, esan dute “beneten ospatzeko modukoa” izanen litzatekeela esoazio hori “animaliak tortuiratzen ez diren ekitaldietarako”.
Bestalde, gogora ekarri dute Iruñeko alkatea sanferminetara kontzertu handi bat ekartzen ahalegindu delarik ezin izan duela egin “hirian zezenketak egiten direlako”. Gogora ekarri dute BBVA Fundazioaren ikerketa baten arabera, herritarren %80 zezenketen aurka daudela.
Beste datu bat eman dute: peñetako bazkideen artean egindako inkesta baten arabera, %26,4 zezenketei buruzko eztabaida zabaltzearen alde daude. “Datu horrek baikor sentiarazten gaitu, peñen barruan jarrerak nola egiten ari diren aurrera ikusita”.
Iruñea Antitaurinoak bilera egin du Peñen Federazioarekin. “Sanferminetako eragile nagusi eta garrantzitsuenetako bat izanda, peñek jai eredu aldaketaren bultzatzaile izan beharko lukete, datu guztiek erakusten baitute gizarteak hori nahi duela”, azaldu dute.