Sanferminen atarian, "jai-guneen inguruko giroa bero" dagoela eta Iruñeko Udalak Herri Sanferminak debekatu dituela aitzaki hartuta, Iruñeko txosnen inguruko bitxikeriak bildu ditu sare sozialetan Imanol Satrustegi historialariak.
Iruñeko lehendabiziko BARRAKA POLITIKOA (orduan horrela esaten baitzen) ORTk jarri zuen 1976ko Sanferminetan. Klandestinitate garaia zen oraindik eta Lagabeen barraka izena jarri zioten. pic.twitter.com/kQMcD5k4yw
— Imanol Satrustegi (@ImanolS3) June 24, 2022
Barraka politikoa izena hartu zuen lehenengo txosnak, eta ORT Langileen Erakunde Iraultzaileak jarri zuen 1976ko Sanferminetan. "Klandestinitate garaia zen oraindik eta Lagabeen barraka izena jarri zioten", azaldu du Satrustegik. "Hurrengo urtean, Santa Ana plazan, Ikastolen aldekoa jarri zen eta ORTk Takoneran ezarri zuen berea", gaineratu du. Azkar ugaritu ziren barraka politikoak, 86 eta 87an hogeitik gora zeudela azaldu du historialariak, zerrenda gehitzearekin batera. Taldeak ugaritzearekin batera, errepresioa berehalakoa izan zen: "Garai gatazkatsuak ziren eta 1988an, esaterako, PSOEko gazteen barraka eraso zuten.1991ean Alfredo Jaime alkateak debekatu egin zuen txosnen ezarpena eta eskabadora batez eraitsi zituen".