Parlamentu aurreko errepidea moztu dute 0-3 zikloko langileek

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 23a, 09:09

Atzo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzara kateatu ziren "sinbolikoki", 0-3ko koordinazio organoko bileran planto egin dietela salatzeko. Atzo ziren biltzekoak, baina Hezkuntzako ordezkariak ez ziren bertaratu. 

53 greba eguna dute 0-3 zikloko langileek, eta protesta ekintzak gogortu dituzte azken orduotan. Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurarekin bat eginez, ostegunero bezala, ganberaren atarian bildu dira goizean goiz protesta egiteko. Gaur, baina, errepidean eseri eta trafikoa moztu dute langileek. Minutu gutxiko protesta izan da, Foruzaingoak altxarazi ditu. Errepidea irekita dago orain.

Udalen federaziora "sinbolikoki" kateatu ziren atzo

Eider Garde 0-3 Plataformako bozeramaileak kritikatu duenez, gobernua ez da errespetatzen ari Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren artean sortutako negoziazio-organoaren egutegia; izan ere, plataforma bertan da gonbidatu gisa, eta "aitzakiak" aipatu dituzte asteazken honetarako aurreikusitako bileran. Soilik langileak agertu ziren atzo hitzordura. 

Gardek esan du ez duela ulertzen "zer azterketa sakon egiten ari diren edo zertan oinarritzen ari diren", oraindik ez dakitelako zer jakinarazi behar zien plataformak saioan. "Gure ustez, bat gehiago ez egitea da, eta agerian uzten du mahai hau ez dela eraginkorra gatazka konpontzeko", amaitu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!