532 hitzordu antolatu ditu aurten Iruñeko Udalak sanferminetarako. Denetarik izanen da; eta, orokorrean, ohiko egitarauen antzekoa da. Xeheki begiratuta, ordea, euskarazko jarduerak oso gutxi direla konturatuko da bat.
Sarasate pasealekuak hartuko ditu dantzariak eta bertsolariak, arratsaldeetan. San Fermin egunean Alazne Untxalo, Joanes Ilarregi, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina ariko dira, Ander Aranburu gai jartzailearekin batera. Alpistegia haurrentzako bertso ikuskizuna izanen da, uztailaren 10ean. Eta azken egunean aurretik, Alaia Martin, Amets Arzallus, Julio Soto eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan, Fernando Anbustegiren gaien gainean, 19:00etan.
Puro Relajo, Bocabeats Comedia, Iseo & Dodosound, Guarimba, Goxuan Salsa, Demode Quartet, Nogen eta Gaztea irratiko Oihan Vega disko jartzailea izanen dira musikari aniztasuna emanen diotenak. Azken honek, Navarra Sumak aurten sortutako Gazteluko Plazako gune polemikoan jarriko du musika. Herri Sanferminak erdigunetik kanporatu, eta Enrique Maiaren udal gobernuak tabernek kudeatutako hamar barra jarriko ditu Gazteluko Plazan. 'Sound Fermin' deituko da bertako musika eskaintza. Festa lehertu eta berehala aldatuko dute bertako ohiko giroa. 6an ordu batean izanen da lehenengo musika jartzailea oholtzan: Carlos Jean. Azaldu dutenez, "Espainiako irratigintzako erreferenteak" izanen dira plazan.
Aldaketa gehiago ere proposatu dituzte aurten sanferminetarako Navarra Sumak. Jotak egun propioa izanen du: uztailaren 12a. Gainerakoan, ohikoan bezala, Bainonako eguna izanen da uztailaren 8a; haurrena, 11a eta nagusiena, 13a. Urtero bezala, Oinez Txokoa Takoneran izanen da. Datorren astean aurkeztuko dute programazioa.
Ofiziala euro baten truke eskuratu daitekeen esku-orri batean bildu du udalak. Liburu dendetan, turismo bulegoan eta tonbolan dago salgai.
Kontsultatu hemen programa.