Egitaraua aurkeztu aurretik nabarmendu du alkateak Iruñea indarkeria sexistaren aurka dagoen hiria dela. Eraso sexisten aurkako kanpaina diseinatu du udalak aurten ere, informazio gune bat ezarriko dute Gazteluko Plazan eta indarkeriaren aurka egiteko “baliabide guztiak” eskura jarriko dituztela adierazi du Enrique Maia alkateak. 2016ko talde bortxaketa hartu du, orduan, gogoan: "Hiriak eta, bereziki, udaltzaingoak izandako erantzunarekin geratu behar dugu. Erasoen kontrako konpromiso osoa dugu". Erasotzaileak berehala epailearen esku jarri dituztela gaineratu du.
Poliziei buruz bai, mugimendu feministaz, ordea, ez da mintzatu alkatea. Maria Barberena izan da aipatu dituena, kazetarien galderak erantzunez. Indarkeria sexistaren kontrako plataformak udalak proposatutako kanpaina eta protokoloa kritikatu zituen, duela hilabete, koordinazio batzordetik altxatu ondoren. “Gaizki ulertu bat” izan zela dio Barberenak, eta aitortu du “adostasuna lortzeko” mantendu dutela protokoloa bere horretan.
Erasoen kontrako protokoloaren arabera, lehenengo eta bigarren fasean, mugimendu feministari dagokio mobilizazioak antolatzea, eta udalak horien babesle da. Bigarren fasean, Iruñeko Udala horien bultzatzaile izatea nahi du Navarra Sumak. Aldaketa proposatu dute indarkeriaren aurkako kontseiluan. Mugimendu feministak salatu du haiek isilarazteko helburua duela aldaketak.