Gizonezko bat espetxeratu dute bikotekide ohiarekiko aldentze-agindua urratzeagatik

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 14a, 13:12

Hilabete bateko epean bitan urratu du agindua. Adierazi du aske geratzerakoan emakumearengana berriro hurbilduko dela. 

Emakumearen aurkako Indarkeriaren Iruñeko Epaitegiko titularrak agindu du genero-indarkeriako delituengatik zigortutako pertsona bat fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatuan  sartzea, bikotekide ohiaren urruntze eta komunikazio-aginduak urratzeagatik.

Autoan, magistratuak adierazi du ez dagoela beste neurririk biktima babesteko, bost hilabetez haurdun baitago.

Ikertuak kartzelan jarraituko du epaiketa egin arte, eta aske geratzen bada berriro aginduaren aurka egingo duela ziurtatu zuen.

Epailearen ebazpenak agintzen duenez, inputatua genero-indarkeriako delitu batengatik kondenatu zuten duela hilabete pasatxo. Denbora-tarte horretan, bi atestatu ireki dituzte Iruñean urruntze-zigorra eta komunikatzeko debekua ustez hausteagatik. Horietako batean, erasotzailea emakumearengandik 300 metro baino gutxiagora hurbiltzeaz gain, bere borondatearen kontra heldu eta hitz egin zion.

Epailearen aurrean egindako agerraldian, Fiskaltzak eta Emakumearen Arretarako Zerbitzuko abokatuak auzipetua espetxeratzeko eskatu zuten. Defentsa abokatuak, bere aldetik, behin-behinean eta fidantzarik gabe aske geratzeko eskatu zuen.

Epailearen ustez, gizonezkoaren jokabideak egiaztatzen du ezarritako zigorra "ez dela nahikoa izan biktima babesteko".

Halaber, azpimarratu du poliziek eginiko balorazioan gizonaren jokamoldea "oso arriskutsua" dela zehazten duela. 

Horregatik guztiagatik, magistratuaren esanetan, "agerikoa da" ez dagoela "delitua berriro egitea saihesteko eta biktima babesteko bestelako neurriak hartzerik behin-behineko espetxealdia baino".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!