Maiak ez ditu Gaztelu plazako barrak aldatuko

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 10a, 07:38

"Arazorik emango ez dutela" ziurtatu du alkateak.

Enrique Maiak argi utzi du ez dagoela "atzera bueltarik" Sanferminetan Gaztelu plazan barrak jartzeko erabakia dela eta, proiektua "esleituta dagoelako" eta, gaineratu du, "sortu den eztabaidaz haratago, ziur ondo funtzionatuko dutela". Adierazpenak Europa Press agentziari eginikoak dira.

Alkateak ere jasotako kritikekiko iritzia eman du ostegun honetan. Hain zuzen ere, Iruñeko PSNk asteazkenean adierazi zuen barra horiek jartzeak "osasun arrisku larria" ekarriko lukeela, ur korronterik eta hustubiderik ez dutelako, eta kritikatu zuen "beste kolektibo batzuei ura eta hustubidea izatea exijitzen zaiela haien instalazioetan", barra horietarako ez dela horrela izango eta beraz, "osasun-araudia urratuz".

Horren harira, Maiak gaineratu du badirela "arauak ezagutzen ez dituzten batzuk", izan ere, "ordenantza sanitarioak dioenez, kentzeko eta jartzeko behin-behineko elementuak direnean, nahikoa dira ur ontzi bat eta egunez egun aldatuko den biltzeko beste bat izatea".

"Grazia egiten dit batzuk horrekin asko haserretzen direlako, baina Gora Iruñeak bere elementuak muntatzen dituenean edo Altsasun ere jai jakin batzuk egiten direnean, badirudi osasun ordenantzek ez dituztela kezkatzen", azpimarratu du, eta gaineratu du "gobernatzen duenaren arabera, batzuei neura normatiboak sartzen zaizkiela". Ahaztu du baina Herri Sanferminen txosnei ur-korrontea izatea exijitzen zitzaiela. 

Ildo horretan, alkateak azpimarratu du Sarasate pasealekuan pandemian jarritako karpetan urak ez zuela sarerako konexiorik, "eta ez zen ezer gertatu, mundu guztia pozik zegoen". "Eta orain, kritika politikoko gai batengatik, niregana kasu honetan, informazioa nahiko modu maltzurrean aztertzen ari dira. Baina politikaren parte da ", adierazi du oposizioaren jokaera kritikatuz.

Maiak gaineratu du, Gaztelu plazan barra horiek jartzeko erabakia Navarra Sumaren gobernu taldean "Labriteko karpa kentzeko erabakia hartu baino askoz lehenagotik" lantzen ari ziren zerbait zela. Karpa horrek, argudiatu du, "32 urte daramatzala esaten da, baina Asiron alkate izan zenetik darama zehatz-mehatz". "Inoiz ez zen horrelako karparik egon, batzuetan banakako karpak egon ziren, barrak kanpoan musikarekin, baina karpa formatu horrek oso urte gutxi daramatza", azpimarratu du Navarra Sumako kideak.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!