Udalaren aurkako zortzigarren ebazpena, euskararen ordenantza ez betetzeagatik

Iosu Ganuza García 2022ko eka. 8a, 16:37

Lau komunikaziotan Na+-en Gobernuak eginiko hizkuntza erabilera aztertu dute epaileek. 

Nafarroako Administrazio Auzitegiak Navarra Sumaren gobernu taldearen aurkako epaia eman du berriro, Iruñeko Udalaren lau komunikazio euskarritan Euskararen Ordenantza urratzeagatik. 

Azken ebazpenak aztertutako kasuak honakoak dira: Parmako Baluarteko obrei buruzko informazioa ematen duen kartela, Herritarren Arretarako Zerbitzuarena, katu-talde baten kokapenari buruzko argibideak ematen zituen afixa eta Donejakue Bideko informazioa ematen duten eta haren aurrekontua azaltzen duen kartel bat.

Euskararen aurka egiteagatik TANek egiten duen zortzigarren ebazpena da. Kasu honetan, 2021eko azaroan EH Bilduk aurkeztutako errekurtsoaren aurrean, epaileek ondorioztatu dute lau kasuetan Enrique Maia buru duen taldeak Ordenantzaren 8. artikulua urratzen duela. Artikulu horren arabera, Iruñeko Udalak "gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrei modu orokorrean zuzentzen zaienean, kartelak eta informazio-plakak elebidunak izango direla zehaztuz".

Aurreko ebazpenetan bezala, Nafarroako Administrazio Auzitegiak Ordenantzaren 9. artikuluan ezarritakoa ere aipatzen du: "Kartelak edo plakak elebiduna izan behar du elementu guztietan, gaztelaniaz eta euskaraz, eta berdin-berdina izan behar du bi hizkuntzetan: edukia, tamaina eta kontrastea". Ebazpenean jorratutako kasuetako bitan, euskara partzialki bakarrik agertzen zen (esaldi bat) eta gaztelaniaren tamaina desberdinean; beste bietan, berriz, ez zen ezta erabiltzen ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!