Gaur, asteazkenarekin, Iruñeko Udalak zozketa egin du, Sanferminetan Gazteluko plazan barra paratu ahal izanen duten hamar tabernak zeintzuk izanen diren erabakitzeko. Hamahiru ostatuk egin zuten eskaera, baina Kayak tabernak zozketa egin aurretik bere eskaera bertan behera uztea erabaki du.
Gauzak horrela, barra paratuko duten hamar ostatuak honako hauek izanen dira: Txoko, Kiosko, Windsor, Kabiya, Baviera, Tasca de Don Jose, Gure Etxea, Erronkari, El Torreón del Castillo eta El Mordisco.
Deialdiaren arabera, Gazteluko plazako eta Labrit aldapako ostalariek soilik parte hartu ahal izan dute zozketan, “azpiegitura beren eremuan egin delako” eta Labriten “kalean jartzeko azpiegituren baimenetan egin diren aldaketengatik”.
Ordenantza urratuko dute
Barrak plazako parterreen ondoan jarriko dituzte, plazaren barrualdean eta kioskora begira. Ez dute txorrotako urik izanen, ezta hustubiderik ere. Horrek Iruñeko Udalaren Higiene Ordenantza urratzen du; izan ere, horren 51.4 artikuluaren arabera, ostalaritzako behin behineko jarduerek “giza kontsumorako ura eduki beharko dute harrasketara eta konketetara konektatuta, langileak eta haien tresneria garbitu ahal izateko, eta saneamendu-sarerarekin lotutako hustubidea”.
Are gehiago, 2016an, Gora Iruñea! plataformaren barraka politikoei 200 euroko isuna ezarri zieten, txorrotako ura edukita ere emaria aski ez zelakoan.
Atzo, Udaletxean, oposizioko taldeek hamar barra horien ur horniduraz galdetu zuten. Alorreko zinegotzi arduradunak, Navarra Sumako Javier Labairuk, erantzun zuen barra bakoitzak 50 litroko ur upela izanen duela.
Traktore horia
Itxura guztien arabera, Navarra Suma festen joko-taulako erdia hartzen saiatzen ari da, lau mugimendutan. Lehena, Herri Sanferminak erdigunetik aldentzea, haientzako aukera bakar moduan Arrotxapeko Runa parkea eskainiz. Bigarrena, zer gerta ere barraka politikoona zen espazioa, Errekoleten plaza, hippyen postuekin okupatzea, postuon ohiko kokagunean, Basotxo kalean, lanak egiten ari direla argudiatuz. Hirugarrena, Labriteko karpak debekatzea, giro hori Gazteluko plazara eraman ahal izateko. Laugarrena, hamar barra jartzea Gazteluko plazan, kudeaketa konfiantzazko ostalarien esku utzita, eta eremua indartzea bertan inoiz paratu den oholtzarik ikusgarrienarekin: 12 metroko diametroko kupula bat.
Halaber, programazio berezia eskainiko dute oholtza horretan. Disko Jartzaileak izanen dira, baina, Maria Garcia Barberena Navarra Sumako zinegotzi arduradunak azaldu duenez, ez dute musika elektronikorik jarriko, baizik eta “betiko traktore horia”. Esan gabe doa Zapato Veloz taldearen Tractor amarillo kantuaz ziharduela. 1992an argitaraturiko kanta horren estiloari dagokionez, guztiz argigarria da kantua barnebiltzen zuen diskoaren izenburua: Ponti Country la pared. Ezin ahantzi daiteke Sanferminetan Gazteluko plaza euskal dantzen topaleku ere izaten zela.
Oposizioa, aurka
Navarra Suma ez beste udal talde guztiek gogor egin dute Iruñeko bihotzean hamar barra horiek jartzearen kontra. “Gazteluko plazan diskoteka erraldoia jartzea ez dator bat proiektatu nahi dugun sanferminen irudiarekin”, salatu du EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik. Higiene Ordenantzaren “urraketa bistakoari” dagokionez, “ardura Navarra Sumarena da, soil-soilik”, koalizio independentistaren aburuz.
PSNko bozeramaile Maite Esporrinen irudikoz, “plazan diskoteka erraldoi bat jartzea akats larria da”; izan ere, “botila festa zein zikinkeria areagotuko ditu”. Horretaz gain, “antihigienikoa izanen da, urik eta hustubiderik ez baitute izanen”.
Geroa Baiko Patxi Leuzak “bazterkeria” salatu du: “Kultur taldeak harresietatik kanpora botatzen dituzten bitartean, hiriaren erdian kudeaketa pribatuko eta irabazi asmoa duten barrak paratzen dituzte, hiriaren erdigunetik aldenduz festaren hainbat sinbolo garrantzitsu”.