Ezkabatik ihes egin zuen Maximo Sainz Plazaren gorpuzkiak eman dizkiete senideei

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 7a, 13:13
Ollo kontseilaria eta Máximo Sainzen senideak Nafarroako iheslariaren gorpuzkiak gordetzen dituen kutxarekin.

Olabeko hobian aurkitu zituzten haren arrastoak. 

Ezkabatik ihes egin zuen Maximo Sainz Plazaren senideek haren gorpuzkiak jaso dituzte gaur Nafarroako Jauregian. Errepresaliatutako biktima honen gorpua 2016ko urtarrilaren amaiera aldera atera zuten hobitik, Olaben, eta Foru Gobernuaren DNA Bankuak identifikatu zuen. 

1938ko maiatzaren 22an Ezkabako gotorlekuan izandako ihesaldian eraildako 206 presoetatik gazteena izan zen Maximo Sainz Plaza. 18 urte besterik ez zituen, maiatzaren 26an bete zituen, atxilotu zuten egunean, Olaben. Ihesaldiaren biharamunean hil zuten beste hamabost presorekin batera. Horietatik Francisco Lecea mendaviarra bakarrik identifikatu ahal izan dute orain arte.

Sainz Desojokoa zen, eta ikazkin gisa lan egiten zuen Gasteizen. Han atxilotu zuten 1936ko irailean, 16 urte besterik ez zituela. Hogeita hamar urteko espetxe-zigorra ezarri zioten bere militantzia anarkistagatik, eta Ezkabako gotorlekuko penalera eraman zuten zigorra betetzeko.

Olabeko hobia gotorlekuko ihesarekin lotutako hobirik handiena da, momentuz. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren lehen ekimentako bat iza nzen, Olabeko deshobiratzea. Gaur egun, Nafarroako Memoria Historikoaren Lekua da, eta ihes egindako presoek egindako bidea gogora ekartzen duen GR225aren lehen etaparen amaiera.

Ikasleen bisita Olaben

Astelehen honetan bertan hiru ikastetxetako 450 ikaslek baino gehiagok GR-225 aren lehen etapa egin dute. 1938ko maiatzaren 22an Ezkabako gotorlekutik ihes egindako presoen urratsak jarraitu dituzte, hain zuzen ere. "Askatasunaren botilak" izeneko mendi-ibilbidearen laugarren edizioa da aurtengoa eta Nafarroako  Memoriaren Institutuak antolatutako "Memoria duten Eskolak" programaren barruko jarduera da. 

Ikasleek GR-225eko lehen etapa egin dute, San Kristobalgo gotorlekutik Olabeko hobiraino. Etapa amaitu da ihes egindako 16 presoren gorpuzkiak atera zituzten hobian. Atxilotu eta hurrengo egunean hil zituzten, inolako epaiketarik egin gabe. Toki horretan, omenaldi-ekitaldi xume bat egin diete biktimei, parte hartu duten ikastetxeek prestatutako jarduerekin. Ekitaldian Ana Ollo Herri Harremanetarako kontseilaria eta Maximo Sainz Plazaren senideak ere izan dira, Nafarroako Jauregian gorpuzkiak entregatzeko ekitaldiaren ondoren.

Bigarren etapa hilak 14an eginen dute, Sorogain eta Urepel artean. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!