Iruñeko Arrotxapea auzoko Patxi Larrainzar D ereduko ikastetxeak 25 urte bete ditu ikasturte honetan, eta bihar, ekainak 4, larunbatarekin, urteurren ospakizun nagusia eginen dute, ikastetxean bertan: haurrentzako jolasak izanen dira goizean goizetik, eta eguerdian herri bazkaria. Hartan, egungo ikasleek, gurasoek eta irakasleek ez ezik duela mende laurden bat ikastetxea abian jarri zutenek ere parte hartuko dute. Horretaz gain, argazki zaharrekin erakusketa prestatzen ari dira, eta kantua sortu dute, ikastetxeko guraso den Sustrai Colinaren letrarekin.
Gaur ikastetxearen historian murgildu gara Metropoli Forala saioan, ibilbide hori gertutik ezagutu duten lau emakumeren eskutik: ikastetxean 24 daramatzan Fatima De Miguel Zabala irakaslea, ikastetxean 17 daramatzan eta urteurreneko kantua sortu duen Edurne Goñi Olite irakaslea, ikastetxeko lehen ikasle promozioko kide Izaskun Arriaran Iribarren eta guraso elkarteko kide Ainhoa Irazusta Nuñez.
Fatimak ikastetxearen sorrera ekarri du gogora: “Auzoko gurasoen borroka gogor eta luze baten fruitua izan zen. Ilusio eta kemen handia zeukaten”. Izaskunek orduko eraikinaz oroitu da: “Oso ikastetxe txikia zen, eta apenas genuen azpiegiturarik, baina auzolanaren bitartez dena ateratzen zuten aurrera. Adibidez, siesta egiteko koltxonetarik ez genuen, eta auzoan galdetuz, biharamunerako behar genituenak baino askoz gehiago lortu zituzten”.
Patxi Larrainzarren irakasle izan aurretik Edurnek Iruñeko Udal Ikastolan ikasi zuen, Euskal Herriko D ereduko lehen ikastetxe publikoan hain zuzen ere: “Parekotasunak handiak dira. Batean zein bestean, hezkuntza komunitateak kemenaren bitartez gainditzen zituen gabeziak. Haurrek ilusio handiz bizi genuen hura. Eta gerora jabetzen zara horrek mundua ikusteko modu bat ere ematen dizula”.
Denek nabaritu dute ikastetxea oso txertaturik dagoela auzoan. “Patxi Larrainzarreko patioan harreman asko josten dira, koadrila asko sortzen dira, eta koadrila horiek gero parte-hartze zuzena izaten dute auzoko jaiak, edo herri lasterketa, edo beste edozein gauza antolatzerakoan“, azaldu du Ainhoak. Horri dagokionez, Izaskunek kritika txikia egin du: “Badakit Patxi Larrainzar handitu dela, hori kudeatzea zaila dela, eta ez dela garai batekoa, baina auzoarentzako gauza gehiago egiten ahalegindu beharko litzateke, auzoak beso zabalik hartuko luke eta”.
Denok bat datoz, halaber, Patxi Larrainzar egun proiektu sendo bat dela azpimarratzeko tenorean: “Euskarazko irakaskuntza eskaintzen dugu, baina horretaz gain kalitatezkoa, auzoan txertatua, bere inguru sozialera irekia”, azaldu du Edurnek. Hobetu beharreko alor bat badutela aitortu dute: “Auzoa euskalduntzeko oraindik bide luzea geratzen zaigu”.