Euskara sustatu zuten bost pertsonaia esanguratsu lehen lerrora ekarri ditu Anima Euskera-k

Iosu Ganuza García 2022ko eka. 3a, 12:50

www.animaeuskera.eus atarian Perpetua Saragueta, Mariano Izeta, Julia Fernandez Zabaleta, Abarzuza liburudenda sortu zuen Ceferina Fontellas eta Juan de Amendux-en bizitzak eta haiek euskararen alde egindakoak bildu dituzte bideo laburretan. 

 

Gaur aurkeztu dute Anima Euskera proiektua. Euskara eta euskall kultura bizirik mantendu zituztenei eginiko omenaldi gisa definitu dute sustatzaileek. Funtsean proiektu erabat berritzailea da, teknologia berriak baliatuz euskalgintzan oinarri izan diren aspaldiko pertsonaiak publiko berriengana helarazteko helburua duena.

Heda Comunicación enpresaren ekimena da eta oinarrian Kike Diez de Ultzurrun dibulgatzailea izan da dokumentazio eta gidoigintza lanetan. Lehen fase honetan bost pertsonaia hautatu dituzte: Perpetua Saragueta, Mariano Izeta, Julia Fernandez Zabaleta, Abarzuza liburu-denda sortu zuen Ceferina Fontellas eta Juan de Amendux.

InnovaCultural programaren bidez ikusi du argia Anima Euskera egitasmoak. Nafarroako Kutxa eta LaCaixa Fundazioek sustatutako programa da eta haien izenean azalpenak eman ditu Fernando Urrak. Zehaztu du funtsean InnovaCulturalen helburua dela ondare kulturala, mantendu eta zabaltzea, eta proiektu hau hautatu dutela “Nafarroan dagoen ondarerik ederren eta handiena sustatzen duelako, euskara”.

Anima Euskararen lehen denboraldi honetako protagonista gehienak emakumeak dira. Sustatzaileek zehaztu dute hori hala izan dela, euskara zabaldu eta mantentzea, batez ere XX. Mende erdialdean zaila zelako, baina are zailagoa euskal emakumeentzat.

Kike Diez de Ultzurrunek pertsonaia bakoitza zergatik hautatu duten zehaztu du. Azaldu du guztiek erakutsi zutela euskararekin “aurrea egiteko borondatea eta kemena”

www.animaeuskera.eus ataria, webgune didaktikoa da. Bertan protagonistei buruzko testuak eta erreferentziaz aurkitzeaz gain, bakoitzari buruzko bideo labur bana sortu dute, Irati Fernandez Gabarainek animatutako Carlos Garcia “El Perro”ren ilustrazioekin eta besteak beste, Reyes Ilintxeta lankidearen ahotsarekin.

Bigarren edizioan lanean ari dira dagoeneko eta beste pertsonaia batzuk ekarriko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!