Arrotxapeko paella jatea oztopatu du Maiak

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 3a, 11:55
Argazkia: La Rotxa elkartea

La Rotxa Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak antolatzen duen Merkataritzak hiria egiten du kanpaina laguntzeari utzi dio Iruñeko Udalak, eta ez die baimenik eman beti bezala Marcelo Zelaieta kalean egiteko.

Hogei urte bete ditu aurten Arrotxapeko merkatarien Merkataritzak hiria egiten du kanpainak. Marcelo Zelaietan hainbat ekitaldi antolatu ohi ditu La Rotxa elkarteak. Horietatik paella jatea izan ohi da arrakastatsuena. Aurten, ordea, egin nahi badute beste leku batera aldatu beharko dute. Iruñeko Udaleko Herritarren Babeserako Arloak atzera bota du elkarteak egindako baimen-eskaera, argudiatuz “plaza hobeak daudela jarduera egiteko”. Merkatari eta ostalariek ez dute beste leku batera joan nahi: “Merkataritza dagoen tokian egin nahi dugu, hemen lan egin eta bizi garelako, gure negozioak sustatzen ditugulako, tokiko merkataritzari laguntzen diogulako”.

Iruñeko Udalak, halaber, kanpaina laguntzeko ekarpen ekonomikoa kentzea erabaki du. “Ez dugu ulertzen zergatik; izan ere, jarduera horrek luze funtzionatzen du eta bere helburua betetzen du”, adierazi du elkarteak ohar bidez. Horren ondorioz, merkataritzaren jaia ia bertan behera utzi behar izan dutela azaldu dute.

Datorren asteko asteartean, udaleko Lehendakaritzako Batzordean, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik adostutako ekimen bat aztertuko da, Navarra Sumari eskatzeko Arrotxapeko jarduerari babesa eman diezaion.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!