Oberena dantza taldeak piztuko du Arrosadiko festetako suziria

Iosu Ganuza García 2022ko eka. 3a, 08:07

Iruñeko hegoaldeko auzoko jaiak asteburu honetan ospatuko dituzte eta Iruña Rugby Klubaren urteurrenari ere tartea eginen diote.

Ekaineko lehen asteburua izanik bueltan dira Arrosadiko Festak. Atzo ireki zuten jaigunea baina gaur, ostiralarekin, piztuko dute suziria. Txupinazoa Oberena Dantza taldeak botako du eta bi urteko etenaren ostean auzoko jai batzordeak egitarau oparoa antolatu du. 

Antolatzaileek Arrosadiko bizilagunak parte hartzera gonbidatu dituzte eta "errespetuz disfrutatzearen beharra" azpimarratu dute, auzoan "eraso homofobo, matxista, arrazista edota faxistarik" onartuko ez dela azpimarratuta. 

Jai Batzordeak "jai bereziak" izanen direla nabarmendu du, "pandemiaren ondorengo lehenengo jaiak" direlako eta auzoarentzat "bi urte zail" igaro ostean, "Arrosadiak merezi dituen jaiak aurrera eramatea" lortu dutela nabarmendu dute. 

Esan bezala 20.00etan jaurtiko du suziria Oberena Dantza taldeak eta jarraian ttun-ttuna dantzatuko dute, Añfredp Floristan plazan. Gaurko kontzertuen txanda Skabidean, Iramo eta Odolkiak Ordainetan taldeentzat izango da.

Biharkoa izanen dute egun luzeena eta indarrak hartzeko Ogi-apur jatea antolatu dute Baltegin. Gero Oberenako txistulariek dianei ekingo diete eta eguerdian dantza-taldea batuko zaie kalejiran. Bazkalorduan kaldereteak izanen dituzte Ilargienea parkean, eta gazteena jaigunean izanen da. Arratsaldeko seietan aterako da Erraldoi konpartsa. Kontzertuak 18.30ean hasiko dira eta Trikidantz, Baizera, Streetwise eta The Moskito Bite taldeak ariko dira. Gauean, afalostean, dantzaldia eskainiko du San Fermin peñak. 

Igandean itxiko dute egitaraua eta egun osoko jarduerak antolatu ditu Jai Batzordeak.

Iruña Rugbi Klubak 40 urte

1982an sortu zuten Iruña Rugby Kluba eta beraz aurten ospakizun urtea du, lau hamarkada bete baititu. Hori dela eta Arrosadiko festetan egitarau berezia antolatu du klubak larunbaterako. Goizeko 11.30ean errugbi jokoak prestatu dituzte Ilargiaren parkean eta eguerdia pasata, Mutiloabeiti kaleko plazan, eskerrak emango dizkiete babesle, entrenatzaile, launtzaile eta jokalariei. 14.00etan bazkaria antolatu dute, eta bazkalostean Mus Txapelketa. Azkenik kontzertua izanen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!