Astelehenean hasiko da zinemaren eta emakumearen jaialdia

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 2a, 18:30
Gaurko aurkezpenean, IPES Fundazioko kideak eta kartelaren sortzailea.

IPESek eta Golemek antolatu dute eta dagoeneko aurkeztu dute programazioa. 

Sei egunez, ekainaren 6tik 117ra, bertako eta atzerriko emakume zinemagileen lanak ekarriko ditu Iruñera Zinemaren eta emakumeen nazioarteko erakusketaren 36. edizioak. Matxismoa, indarkeria, erasoak, migrazioak, gerra, erotika... Gaiak askotarikoak izanen dira, genero ikuspegitik landutakoak.

IPES Fundazioak eta Golem zinemek elkarlanean antolatu dute. Aurkezpenean Amaia Zufiak, fundazioaren izenean, gogorarazi du erakusketak "bere hasierako helburuei" eusten diela, hau da, "emakume zuzendari, erredaktore, gidoilari eta aktoreak" ikustarazi eta haien "lidergoa" bultzatzea. Honekin batera gizartean "balio patriarkalak" eraldatzeko eta "beste mundu ikuskera batzuk" zabaltzeko helburuak ditu ere. Horretarako zinema "lanabes moduan" erabiltzen dute.    

Beatriz Sanchiz zinemagile mexikarrak zabalduko du aurtengo erakusketa The Gigantes lanarekin. Donostiako Zinemaldian urrezko maskorra irabazi duen Blue Moon eskainiko dute eta Iruñeko Helena Bengoetxeak Matrioskas lana eskainiko du hilaren 16an. 

Aurtengo edizioaren kartela Leire Urbeltzek egin du. Inspirazio iturri filmen trailerrak izan ditu, horiek ikusi ostean egin baitzuen sormena. Kristalezko sabaia izan du gogoan kartela egiterakoan eta Nafarroako zinemagileen irudiak erabili ditu pertsonaiak ilustratzeko. 

Gutxinaka genero arrakala gutxitzen ari da zineman, hala ere, egitekoa "asko" dela azpimarratu du IPES Fundazioko Amaia Zufiak. 

Sarrerak www.muestracinemujeres.org atarian eskuratu daitezke, bost eta sei euroren truke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!