Aurtengo sanferminetako Gazteluko plazako eszenarioak berrikuntzak dakartza: hamabi metroko diametroko kupula bat jarriko dute. Udalak lehiaketara atera ditu espazio horren iluminazioa, audioa eta dekorazioa. 50.000 euro bideratuko ditu horietara guztietara.
Hamar barrak, kolokan
Oraindik ikusteko dago Gazteluko plazan hamar barra paratuko dituzten, Enrique Maia alkateak aitortu duenez. “Niri iritsi zaidana da ostalariak oro har ez daudela pozik, ideiak ez dituela asko erakartzen”, azaldu du. Maiak berak helarazi zien proposamena Labriteko aldapako eta Gazteluko plazako ostalariei, baina orain dio ez duela proiektu horretan “interes berezirik”.
Nolanahi ere, alkateak ez du aukera erabat baztertu. Hamar barra horien kudeaketa eskatzeko epea bihar amaituko da, ostiralarekin, 14:00etan. “Proposamenik ba ote dagoen aurki ikusiko dugu”, esan du. “Ez badago proposamenik, ez dugu interes berezirik aurkez daitezen. Ez dugu behartuko. Proposamena egin genuen plazan giroa sortzeko, eta hori oso erakargarria izan daiteke, eta beharra duten zenbait ostalariri irtenbide bat emateko”, gfaineratu du.
Orbit 12
Edonola ere, Iruñeko Udalak Gazteluko plazan paratuko duen eszenarioa Orbit 12 modelokoa izanen da: 12 metroko diametroa izanen du, 10 metroko sakonera, et 5,5 metroko altuera. Kupula estaliko duen oihala gardena izanen da. Kupula espazial deitzen dute. Modelo honek DJ edo disko jartzaileentzako kabina bat dauka erdian.
Espazio honetan kontzertua eginen dute uztailaren 5ean, 21:30etik 00:30era. Uztailaren 6tik 13ra, DJak izanen dira, 19:00etatik 20:50era, eta 23:30etik 2:00etara. Halaber, 6tik 14ra, 21:00etatik 22:00etara, gaita eta txistu musika izanen da, kioskoan. Udalaren arabera, kupularen espazioak sinbolismo berezia du, eta horregatik iluminazioak oholtzan dagoen artista argiztatzeaz gain, dantzan ari den publikoa ere girotu beharko du.