Paula Garcia (Herri Sanferminak): “Jai ereduen talkan, festagunetik kanporatu nahi gaitu udalak”

Haritz Pascual Garjon 2022ko eka. 1a, 12:39

Herri Sanferminek ez dute txosnagunerik izanen Iruñeko Udalak jarritako trabak direla eta, baina uztailaren 6tik 14ra Alde Zaharrean presente izanen dira. “Herri Sanferminak suposatzen duen gune alternatibo, solidario, euskaldun, feminista eta ekologista deserosoa zaio udalari bere jai eredu komertzialean”, salatu du Euskalerria Irratian Paula Garciak.

2019ko sanferminak bukatu bezain laster Enrique Maya alkateak Herri Sanferminen gunea zokoratzeko asmoa erakutsi zuen. Bi urteko geldiune pandemikoaren ostean, pasa den udazkenean, Herri Sanferminak ekimenak Errekoletak eta 0 plazak eskatu zituen txosnagunea ezartzeko. Ezezko borbila jaso zuten udalaren aldetik, plazetako bizilagunen kexak aitzakia moduan jarrita. “Orduan kontra proposamena aurkeztu genion udalari”, azaldu du Paula Garciak, “herri gunea 0 plazan zentratu, Errekoletasen izan baitziren kexa gehienak, eta ordutegi muga zehatza jarri. Ulertzen dugulako kexa, gutariko asko ere Alde Zaharrean bizi gara, eta festak etxepean izatea ez da erosoa”. Iruñeko Udalak horri ere ezezkoarekin erantzun zion.

Gauzak horrela, Runako parkera itzultzeko beste aukerarik ez zien utzi Iruñeko Udalak. “Festa ereduen talkan, kanporatu nahi gaitu Iruñeko Udalak, eta erdigunetik alboratu”. Horregatik ez dute jai gunerik montatuko Arrotxapean. Alde Zaharrean barna, bestelako jaiak posible direla erakusteko aukerak aztertzen ari dira. “Gazteluko Plazan ezarri nahi dituzten hamar barrak eta eskenatokiak erakusten digu zer nolako jai eredua nahi duen Navarra Sumak, ezin dugu onartu, Herri Sanferminen proposamena, filosofia eta baloreak, erdigunetik kanpo geratzea”, esan du Euskalerria Irratian Paula Garciak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!