Lander Garrok ‘Faith’ eleberria aurkeztuko du gaur, Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 1a, 07:56
Lander Garro (Argazkia: Argia, Dani Blanco).

Lander Garrok bere azken eleberria, Faith, aurkeztuko du gaur, 18:00etan, Gazteluko plazan, Nafarroako II Liburu Azokaren barruan.

Augustin Zubikarai bekaren laguntzaz mustu du nobela idazle oreretarrak. Haren hitzetan, haren nobelarik handienaren aitzinean gaude: “Idazlea, ez baldin badago boterearen kontra, ez da idazlea. Idaztea ez da hitzak konbinatzea edozer esateko; bizitzari bere mozorroa kentzea da idaztea, eta mozorroa, gehienetan, gezurrek eratzen dute», azaldu du.  

Xabi Ugarte pertsonaiaren bigarren nobela da, Gerra txikia (2014) eleberriaren ondotik. Honako honetan, Ugartek Euskal Herriko giro politikotik aldendu nahiko du, Bartzelonara alde eginez, baina ez du lortuko.

Xabi Ugarte Bartzelonara doa, argazkilaritza ikasteko aitzakiaz Euskal Herriko errepresio-girotik aldentzeko asmoz. Ohe baten bila hasi beharko du, lagunen eta ezagunen etxeetan; hiri handiko kale eta txokoetara moldatzen joango da, Bartzelona bertako jendea nahiz han egokitutako euskaldunak ezagutzen, zinema-eskolan izena eman eta arlo horretan lehen pausoak ematen… Bere familiak nozituriko zapalkuntzaren motxilak bizkar gainean jarraitzen du, ordea, bai Ugarteren gogoeta eta oroitzapenetan, bai poliziaren eguneroko jardueran ere: Xabiren anaia eta arreba ihes eginda daude, edozein unetan atxilotu ditzakete, eta bere inguruan ere txakurren itzal eta usain nahasezina sumatzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!