Sanferminetan ez da barraka politikorik izanen. Hala aurreratu du Herri Sanferminak plataformak. Gaur 11:00etan, prentsaurrekoa eginen dute horren zergatien berri emateko. Nolanahi ere, Euskalerria Irratiak jakin ahal izan duenez, udalak aukera bakarra eskaini dio herri mugimenduari: txosnak Alde Zaharretik kanpo, Arrotxapeko Runa parkean paratzea, eta ez du onartu.
Aurrekariak ez ziren onak Herri Sanferminentzat: 2014an eta 2015ean, Gora Iruñea! taldeak han paratu behar izan zuen festa gunea, Enrique Maia bera alkate zelarik UPNren udal aginte taldeak hala beharturik, eta balantzea kaskarra izan zen. Runa Alde Zaharretik kanpo dagoenez, ohi baino festazale gutxiago gerturatu ziren eta galera ekonomikoak izan ziren. Hurrengo urteetan, Joseba Asiron alkatea aginte makilaz jabetu zenetik eta 2019ra arte, txosna gunea Alde Zaharrean bertan jarri izan zuten, San Frantzisko, San Jose, Errekoletak eta O plazetan, eta emaitzak askoz hobeak izan ziren.
Aurten, udala martxoan jarri zen harremanetan Herri Sanferminekin. Lehen bileran, Errekoleten plaza hippyen postuentzat izanen zela esan zien, egon ohi diren lekuan, Basotxo kalean, obrak egiten ari direla eta. Herri Sanferminek kontraproposamena egin zuten: barraka politikoak O plazan jartzea, eta haien ordutegia 1:00 ra arte mugatzea. Udalak ezetz erantzun zion, auzokoak zarata eta zikinkeria zirela eta kexatu zirela argudiatuz. Aukera bakarra Runa parkera joatea zela gaineratu zuen.
O plaza txikia da. Alde batean etxe txiki batzuk daude, bestean komentua, eta beste bietan ez dago eraikinik eta hartara auzokiderik. Aldiz, Gazteluko plaza askoz handiagoa da, askoz eraikin gehiago eta hartara auzoko gehiago ditu. Halere, Maia alkateak berak hamar barra edo txosna jarri nahi ditu bertan, enparantzako eta Labriteko ostalariek kudaturik.