Enrique Maiaren udal aginte taldearen eta Herri Sanferminen arteko negoziazioak ez doaz bide onetik. Koalizio eskuindarrak barraka politikoak erdi gunetik kanpora bidali nahi ditu, Arotxapeko Runa parkera. Txosna gunea jada han izan zen 2014an, orduan ere Maia alkate zelarik, eta ohi baino festazale mugimendu urriagoa izan zen, jendeari kosta egin zitzaion erdigunetik Arrotxapera jaistea. Aldiz, Joseba Asiron alkate izan zen urteetan –zein azken sanferminetan, 2019koetan, Maia aginte makilaz jabetu berria zelarik-, Errekoleten plazan izan zen festa gunea, eta askoz hobeki funtzionatu zuen.
Maia alkateak dagoeneko iragarri du aurtengo sanferminetan Errekoleten plazan jarriko dituela hippyen postuak, saltokiok sanferminetan egon ohi diren lekuan, Basotxo kalean, obrak egiten ari direla aprobetxatuz. Hartara, Herri Sanferminen gunearekin zer gertatuko den, izanen ote den ere ikusteko dago.
Argudio dantza
Maia alkateak Herri Sanferminei Errekoleten -edo Baratxurien- plaza ukatzeko erabili duen argudioa izan da auzokoak kexu azaldu direla, zaratarengatik zein zikinkeriarengatik. Errekoleten plazaren aurrealdean, komentu bat dago. Ezker aldean, altuera baxuko eraikin zenbait. Gainontzeko bi aldeetan etxebizitzarik ez da, eta, hartara, auzokorik ez. Esan gabe doa askoz herritar gehiago bizi direla hagitzez handiagoa den eta lau aldeetatik etxebizitzaz inguraturik dagoen Gazteluko plazan.
Haatik, Iruñeko egongela deitzen duten horretan, Maiak hamar barra eta disko jartzaileentzako oholtza erraldoi bat paratu nahi ditu. Horiek kudeatzeko aukera Gazteluko plazako eta Labrit aldapako ostalariek soilik edukiko lukete: plazan 14 daude, eta aldapan 7. Denok barra nahiko balute, zozketa eginen lukete. Xedea, “ostalariak plazan sar daitezela publikoarentzako atsegina izanen den eremu bat sortzeko”. Lerro artean irakur daiteke gazteek plazan egin ohi zuten botila festa oztopatu nahi dutela.
"Elkarlan publiko-pribatua"
Kudeaketari dagokionez, “publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana” nahi du Navarra Sumak. Hau da, plazan izanen liratekeen kontzertuak ostalariek ordaintzea, “horien onura zuzenki jasoko baitute”. Proposamena dagoeneko ostalariei helarazi die Udalak. Hamar barra aurreikusten ditu: lau eskuinaldean, komunen aldean, eta beste sei parean. Barrak txosna itxurakoak izanen lirateke: 5 bider 2,5 metroko etxolak. Argindarra izanen lukete, baina ez ordea urik. Eta ezinen lukete terraza moduko aulkirik edo mahairik eduki. Ostalari bakoitzak 600 euro ordaindu beharko ditu barra jarri ahal izateko.
"Eskubideen urraketa larria"
Iruñean Bizi elkarteak "harridura handiz" hartu du albistea: "Geure buruari galdetzen diogu zein izan ote daitekeen jada oso zigorturik dauden auzoko herritarren horren aurkakoa den neurri bat hartzeko arrazoia". "Hamar txosna horiek herritarrok libreki erabili ohi dugun espazio publikoa okupatuko lukete", salatu dute. "Erabakia lotsarik gabe hartu dute, eta ekarriko dituen ondorioak aintzat hartu gabe, ustezko onura komun baten izenean", gaineratu dute.