Udal idazkari postua betetzeko 2019ko deialdia baliogabetu dute

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 31a, 12:53

Aurreko legegintzaldian Joseba Asironen udal gobernuak onartu zuen deialdia. Auzitegiak Navarra Sumak aurkeztutako errekurtsoa onartu du.

Aurreko legegintzaldiko azken egun baliodunean onartu zuten idazlari lanpostua betetzeko deialdia. Hau da, Joseba Asiron Iruñeko alkatea zela. Iruñeko udaleko gobernu taldea kolorez aldatu zuten hauteskundeek, eta Enrique Maia eta Navarra Sumak urrian erabaki zuten deialdia ofizioz berrikusteko prozedura zabaltzea. Deialdia kaltegarritzat jo zuten, proba teorikoak egiteko programa edo gai-zerrenda deialdirik ezarri ez zelako.

Udalak, beraz, deialdia osorik bertan behera uzteko eskatu zuen, hautaketa-prozesuaren funtsezko baldintzetan eragiten zuelako. Nafarroako Justizia Auzitegiak arrazoia eman dio Maiaren taldeari, eta deialdia onartu zeneko erabakia baliogabetu du. 

Epaian, halaber, administrazioarekiko auzien Iruñeko 1 zenbakiko Epaitegiak 2021eko azaroan emandako epaia ezeztatu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, eta kasazio-errekurtsoa organo judizialaren beraren aurrean baino ezin da aurkeztu.

Azpikeria egotzi dio Asironi Maiak

Enrique Maia alkateak oso larritzat hartu du Asironen udal gobernuak egindakoa. “Azpikeria” izan dela esan du, udaleko zerbitzu juridikoen arduraduna zen pertsonari egokitzen zitzaiolako deialdia “susmagarriki”, epaiaren arabera.  Izen abizenak zituen deialdia dela uste du Maiak. 

Iruñeko udaleko oposizioak ikertu nahi duen udaleko zerbitzu juridikoen Gonzalo Perez Remondegi goraipatu du Maia alkateak; haren lanaren ondorio izan delakoan epaia. Haren eta Navarra Sumaren lana zikintzeko ahaleginetan ari direla deitoratu du Enrique Maiak.

Asironek prest utzitako "lardaskerietako bat" izan dela gaineratu du; zerrendan, besteen artean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioa aipatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!