Xabier Amurizaren hitzaldi-errezitaldia gaur, Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 26a, 07:19
XAbier Amiuriza. (Argazkia: Argia)

‘Etxepare, jalgi hadi batura’ liburua aurkeztuko du, 19:30ean, Kondestable Jauregian

Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak Etxepare, jalgi hadi batura liburua aurkeztuko du gaur 19:30ean, Iruñeko Kale Nagusiko Kondestable Jauregian, hitzaldi-errezitaldi baten bitartez.

Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskara batura ekarri du Xabier Amurizak, eta egungo errima eta neurrietara moldatu du. Liburua aurkezteaz gain, bertsotan eta kantuan ere arituko da Xabier euskaldunon hiri buruzagiko Kale Nagusiko aretoan.

«Etxepare gure lehen idazlea da. Lehenengoa bat da beti, eta betiko. Eta lehenengoa izatearen kontzientzia argia, garailea, euforikoa erakusten du. Ez francesa ez berceric, oray ezta erideyten Heuscararen pareric», azaldu du Amurizak berak.

«Zergatik bertsio-itzulpena, eta ez itzulpen soila? Etxepareren bertso-teknika (errima, batez ere) ahula da gaurko ikuspegitik. Eta bariazio gutxikoa. Horregatik pentsatu nuen itzulpen soila baino interesgarriago litzatekeela bertsio-itzulpen bat”, gaineratu du.

Errima bariatzen eta neurria zehazten hasiz gero, ordea, nola eutsi diskurtsoari bere hartan? Honatx Amurizaren erantzuna: “Nire ahalegin nagusia izan da emaitza izan zedila Etxepare, eta ez ni. Hots, bertsio-itzulpenak ukan zezala haren eduki eta aire osoa. Aitortu behar dut, lortu dudan neurrian (baietz uste dut), ahalegina gozamen handia izan dela».

Xabier Amuriza Zarraonaindia

Idazle, kazetari, irakasle eta bertsolari lanetan aritu izan da Xabier Amuriza (Etxano, 1941). 2016an utzi zion bertsolari jarduerari. Hainbat liburu eta disko argitaratu ditu, horietatik asko bertsolaritzari buruz. Kantarientzako ere letra eta bertso asko egin ditu. 2019an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu zuen. Ekoizle emankorra, bertsoaz gain beste genero asko landu ditu.

Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980an eta 1982an. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen. Bertsolaritza modernoak izan duen figura nabarmenetakoena, ezbairik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!