Oskar Sada (E28 Plataforma): "Gorroto diskurtsoak areagotzen ari dira, eta jarrera fobikoak legitimatzen ditu horrek"

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 17a, 09:59

Iruñeko Ekainak 28 Plataformak kalejira eginen du 19:00etan, San Jose plazatik abiatuta. Ondoren, Udaletxe plazan elkarteratzea egingo dute LGTBI+ fobia salatzeko.

Gaurko egunez, duela 32 urte, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun-zerrendatik kendu zuen. Aniztasun afektibo-sexuala onartzeko urrats garrantzitsua izan zen; hori dela eta, maiatzaren 17a lesbofobia, homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da. LGTBI+ fobiaren aurkako eguna.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrak eta Nafarroako Justizia eta Migrazio Politiken Departamentuak egindako txosten baten arabera, Nafarroan eman diren gorroto-delituen zerrendan, LGTBI+ kolektiboen aurkako istiluak bigarren tokian agertzen dira. Gorroto delituak, erasoak eta diskriminazioa errealitate bat dira heteroarautik urruntzen direnentzat. Areagotzen ari direla ohartarazi du Oskar Sada Ekainak 28 Plataformako kideak. 

Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak adierazpen instituzional bana onartu dute, egunarekin bat eginez. "LGTBIfobia eta kolektibo horretako pertsonek jasaten dituzten erasoei aurre egiteko neurriak" hartzeko konpromisoa hartu du parlamentuak. Neurri horiek legea betetzera bideratu beharko liratekeela uste du Sadak. 2017an onartu zuten LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala lortzeko foru legea, eta oraindik garatzeko dagoela salatu du.

Erasoak salatzeko protesta eginen dute gaur plataformako kideek. 19:00etan kalejiran aterako dira Iruñean zehar San Jose plazatik abiatuta. Ondoren, Udaletxe plazan elkarretaratzea eginen dute, LGTBI+ fobia salatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!